Gizartea -
Abisu horia
100 km/h-ko haize boladak eta 4 metroko olatuak espero dira gaur EAEn
Kostaldean, 18:00ak arte abisu horia ezarri du Jaurlaritzak, 3,5 eta 4 metro arteko olatuak espero baitira. Egunaren amaieran, olatuak 3 metrokoak izango dira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du Euskal Autonomia Erkidegoan 100 kilometro orduko haize-boladak izan daitezkeela ohartaraziz. Horrez gain, lau metroko olatuak izango dira itsasoan ostiral honetan.
Gaur, hego-mendebaldeko haize zakarra izango da, 100 kilometro orduko haize-boladekin Bizkaian eta Araban, eta EAEko mendebaldeko mendiguneetan.
Isurialde atlantikoan, ostarteak agertuko dira eta giroa eguzkitsua izango da. Hegoaldean, hodeitsuago egongo da, baina euria egiteko aukera oso txikia da. Egunaren amaieran, hodeiak ugarituz joango dira eta tenperatura zertxobait jaitsiko da gaur.
Kostaldean, 18:00ak arte abisu horia ezarri du Jaurlaritzak, 3,5 eta 4 metro arteko olatuak espero baitira. Egunaren amaieran, olatuak 3 metrokoak izango dira.
Larunbatean hodeiak ugariagoak izango dira eta ezegonkortasuna areagotu egingo da. Goizean, barnealdean egingo du euria; kostaldean litekeena da ateri egotea. Arratsaldean hego-haizea mendebaldera aldatu eta ahuldu egingo da. Euri txikia izango da egun osoan zehar, eta elur-kota 1.000-1.100 metrora egongo da. Tenperaturan ez da aldaketa handirik espero.
Igandean, eguraldiak txarrera egingo du, arratsaldean batez ere. Goizean, hodei handiak garatuko dira kostaldetik gertu, eta baliteke zaparrada batzuk botatzea bertan; gainerako lekuetan, ateri egongo da eta ostarte batzuk agertuko dira. Arratsaldetik aurrera, ipar-mendebaldeko haizeak joko du, hodeiak barnealdera hedatuko dira eta zaparradak ere zabalduko dira. Zaparradekin batera, Atlantikoan, trumoi-ekaitza eta txingorra botatzeko aukera dago. Elur-kota 700-800 metrora jaitsiko da. Tenperatura hotzagoa izango da, eta Arabako eta Nafarroako zenbait tokitan izotza egingo du; maximoak 5 eta 10 gradu artean ibiliko dira.