Gizartea -

Gertakaria

Bost urteko ume bat hil da Ortuellan, etxeko leihotik erorita

Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian, ezbeharra nola gertatu den argitzeko.

Ortuella lur jota esnatu da gaur

1:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bost urteko ume bat hil da arratsalde honetan Ortuellan, hirugarren solairuan dagoen haren etxebizitzako leiho batetik behera erorita, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Ezbeharra 18:40 inguruan jazo da, Ortuellako Catalina Gibaja kalean.

Ertzaintzak ikerketa bat jarri du abian gertatutakoa argitzeko, baina lehendabiziko hipotesien arabera, ezbehar baten ondorioz erori da haurra. Lekuko batzuek azaldu dutenez, umea eraikinaren ondoan dagoen belarreko hegal batera jausi zen, eta gorputza irristatu zen Muskiz eta Bilbo elkartzen dituen Aldirietako lerroaren trenbitik oso gertu geratu arte.

Ortuellako Udalak dolu-eguna deitu du gaurko, astearterako, gertaturikoa dela eta, Bozeramaileen Batzordeak goizean zabaldu duen adierazpen batean azaltzen dutenez. Bozeramaileek, halaber, udaletxeko bandera haga erdian higitzea erabaki dute eta astearterako aurreikusita zeuden jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte. EAJk zuzentzen duen Udaleko talde guztiek doluminak eman dizkiete umearen familiakoei eta euren esku jarri dira.

Oraindik baieztatzeko dago noiz egingo duten umearen aldeko hileta; asteazkenean edo ostegunean izango da. Autopsia ere egingo diote gorpuari.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ortuella bideoak