Gizartea -
Turismoa
Euskal baserria izango da Euskadiren irudia aurten Fitur azokan
Bihar hasiko da Nazioarteko Turismo Azoka Madrilen. "Hiriko ihesaldiak" eta "Enogastronomia" izango dira Euskadiren eskaintza nagusiak.
Euskal baserri baten itxura izango duten lau modulu handi jarriko dituzte Madrilen, Nazioarteko Turismo Azokan (Fitur), Euskadik turistentzat duen eskaintzaren berri emateko bihartik aurrera.
Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordeak prentsaurrekoan aurkeztu du Euskadik Fitur azokan izango duen irudia, eta EAEn iaz turismoak eman zuenaren balantzea egin du: bisitarien kopurua % 2,1 jaitsi zen 2013an, 2012ko datuekin alderatuta.
Euskadik Fiturren izango duen erakustokiak 700 metro koadro hartuko ditu, eta EAEko eskaintza turistikoaren berri emango dute bertan. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak inauguratuko du, bihar.
Lau baserriek Euskadiko informazio turistiko guztia bilduko dute, eta horien artean enparantza handi bat egongo da. Eusko Jaurlaritzak lurraldearen "berezitasuna" goraipatu nahi du aurten.
"Hiriko ihesaldiak" eta "Enogastronomia" dira eskaintza nagusiak, EAE autoz ezagutzeko ibilbideekin batera.
Sailburuordeak adierazi duenez, enogastronomia Euskadik duen xarmaren "elementu giltzarrietako bat" da, eta Fiturren jarri dituzten baserriek horri dagokion informazio guztia jasoko dute. Bertako produktuak izango dira dastagai, eta informazioa ere eskainiko dute.
"Hiriko ihesaldiak" ezagutzera emateko atonduko duten baserriak EAEko hiru hiriburuei buruzko informazioa eskainiko du, bi edo hiru eguneko bidaia motzetarako.
"Euskading" espazioak mendiei eta haranei dagokion eskaintza bilduko du, baita euskal kostaldeari eta Arabako Errioxari dagokionari ere. Autoa garraiobide moduan erabiltzen dutenentzako egonaldiak jasoko ditu.
Laugarren baserriak ongietorria emango die nazioarteko azokako bisitariei, eta Euskadiri buruzko informazio orokorra eta ostatuei buruzkoa eskainiko die.
Igotz Ziarreta artistak egin ditu Euskadiren Fiturreko erakustokian ikusgai izango diren irudiak. Sailburuordearen ustez, "euskal kulturaren ikuspuntu kosmopolita eta ausarta" azaltzen du.
2014an Gasteiz Hiriburu Gastronomikoa eta Getxo Europako Kirolaren Hiriburua izango direla ere nabarmenduko da erakustoki horretan. Gainera, aurten Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatuko da Espainiako Estatuan, eta lehen faseko egoitzetako bat Bilbo izango denez, horren inguruko informazioa ere emango dute.