Gizartea -
Gertaera
Mendillorriko haurreskola hustu egin dute, gas-ihes baten ondorioz
Guztira, 102 haur atera behar izan dituzte. Eraikina aireztatu eta airean gasik ez zegoela egiaztatu ostean, haurrak eskolara bueltatu dira.
Erredakzioa
Iruñeko Udaltzaingoak 102 haur atera ditu Mendillorri auzoko haurreskolatik, eguerdian izandako gas-ihesaren ondorioz.
Iruñeko Udalak aditzera eman duenez, 102 haurrak siestatik altxatu behar izan dituzte, eraikinean gas usain handia sumatu ostean.
Haurrek 45 minutu inguru eman dituzte kanpoko aterpe batean zain, eta, beharrezko egiaztapenak eginda, egoera normaltasunera bueltatu da.
Udalak emandako informazioaren arabera, 13:00ak aldera, Udaltzaingoak dei bat jaso du eskolan gas usain handia zegoela abisatzeko. Ondorioz, eskolara joan eta eraikina bera eta patioa hustu dituzte.
13:50ean, haurrak eskolara bueltatu dira eta egunerokoari heldu diote, agenteek gasik ez zegoela eta eremua segurua zela bermatu ostean.