Gizartea -
Noos kasua
Infanta salbuetsi zuten ikuskatzaileek Castro epaileari erantzun diote
Manos Limpias sindikatuko aditu bat, Urdangarini ordaindu zioten zazpi enpresari eta Delinkuentzia Ekonomikoko taldeko burua ere itaundu ditu Noos kasuko Castro epaileak.
Erredakzioa
Jose Castro Noos kasuko instrukzio epaileak Estatuaren Tributu Agentziako (AEAT) hiru ikuskatzaile galdekatu ditu, Cristina infanta Aizoon enpresaren bitartez Ogasunari iruzur egitetik salbuetsi baitzuten. Infanta enpresaren % 50aren jabe da, Iñaki Urdangarinekin batera. Perituen arabera, ezin da Cristina haren senarrak sozietatearen izenean egindako delituen derrigorrezko partaidetzat hartu.
Tributu Agentziako ikuskatzaile batek, galdekatu duten lehenak, Cristina infanta salbuesteko ez zuela presiorik jasan adierazi du.
Gainera, sozietateko bazkide ez administratzaile izate hutsak ez duela Urdangarinen enpresak egindako iruzurrean parte hartu duenik esan nahi azaldu du.
Funtzionarioaren arabera, ez dago Erregearen alabaren aurkako zantzu egozgarririk, Aizoonen % 50aren jabe izan arren. Ogasunaren ustez, enpresaren zerbitzuak "Iñaki Urdangarin jaunaren pertsonari lotuta zeuden intimoki, eta hori banaezina da".
Manos Limpias sindikatuko aditu bat, Polizia Nazionalaren Balear Uharteetako Delinkuentzia Taldeko burua eta Aizoonen bidez aholkularitza zerbitzuak eskaintzeagatik, Urdangarini ordaindu zioten zazpi enpresetako buruak ere itaundu ditu Castro epaileak. Enpresa horiei eskainitako lanengatik, 2007an 645.453 euro eta 2008an 494.156 euro jaso zituen Palmako Dukeak.
Polizia Nazionalaren Balearretako Delinkuentzia Taldeko buruak irmo adierazi du ez dagoela zantzurik Infantari kapitalen zuritze delitu bat egozteko. Legez kanpoko irabaziak probestuz, eta horien jatorria ezagututa, gastu partikularretarako erabili izana ere ezin dela frogatu esan du.
Bien bitartean, Ogasuneko perituen arabera, Palmako Dukearen "portaera iruzurgilea eta iheskorra" aztertuta ere -2007ko eta 2008ko PFEZean, 240.000 eurotik gora ez ordaindu izana egotzi dio Ogasunak Urdangarini-, Cristinak ez du lankidetza edo konplizitate arrastorik utzi.
Hala ere, Balearretako Probintzia Auzitegiaren arabera, Aizooneko bazkide izanda, bai Urdangarin, baita infanta ere, Noos Institutuak jasotako irabaziez baliatu ziren, baita euren enpresak Ogasunari ordaindu ez zizkion funtsez ere. Gainera, Noos institutuak diru publiko franko jaso zuen modu irregularrean.
Aizoonek 2007an Intuit elkarteari ordaindutako 69.990 euroen inguruan, Ogasuneko ikuskatzaileak adierazi du ez zuela mugimendu hori aztertu bere txostenean. Diego Torres Urdangarinen bazkidearen elkartea da Intuit, eta Aizoonen hiru faktura jaso zituen. Horiek faltsuak direla egiaztatzen bada, posible izango da infantari delitu fiskal bat egoztea, kantitate hori ez baitzuen elkarteen zergan aitortu.
Infantaren adierazpenak, audioan soilik
Jose Castro Noos kasuko instrukzio epaileak jakinarazi duenez, Cristina infantak otsailaren 8an egingo dituen adierazpenak audioan soilik grabatuko dira, eta ez bideoan, akusatuaren defentsa abokatuek hala eskatuta.