Gizartea -

Polemika AEBetan

Tornadoak eta autismoa homosexualen errua dira, politikari baten ustez

AEBetako Kongresurako Illinoiseko hautagai errepublikano baten aburuz, Jainkoa "haserre dago abortuarekin, ezkontza homosexualekin eta bikote zibilekin".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetan AEBetan gertatzen ari diren hondamendi naturalen errua egotzi die homosexualei Susanne Atanus AEBetako Kongresurako Illinoiseko hautagai errepublikano batek, Daily Herald egunkarian eskaini duen elkarrizketa batean. "Jainkoa haserre dago abortoagatik, ezkontza homosexualengatik eta bikote zibilengatik", esan du.

Atanusen ustez, duela 60 urte ezagutzen ez ziren eta mende honetan sortu diren autismoan eta beste hainbat gaixotasunetan ikus daiteke Jainkoaren haserrea.

"Kristaua naiz. Munduak eta Jainkoari zor diodan obedientziak arduratzen nau. Abortuarekin, homosexualen eskubideekin eta bikote zibilekin ezin dut beste alde batera begiratu", azaldu du hautagaiak.

Jack Dorgan Alderdi Errepublikanoaren Illinoiseko presidenteak esan duenez, Susanne Atanusen adierazpenak "iraingarriak" dira eta ez dute eztabaida politikoan tarterik. "Gure alderdiko buruek ezin dute Atanusen hautagaitza babestu eta bertan behera utzi beharko luke", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Homofobia munduan LGTBI+ albisteak