Gizartea -
Denboralea
Sei metroko olatuak egon daitezkeela eta, alerta laranjari eutsi diote
Gizon bat hil da Ondarroan, olatu kolpe batek itsasora bota ostean. Donostian, Kursaal zubiko baranda apurtu du itsaso zakarrak.
Erredakzioa
Astearte honetan ere ez da giro itsasoan. Olatu handiengatik atzotik indarrean dagoen alerta laranjari eutsi dio gaur Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak. Hala, arratsaldean olatuak sei metro baino gehiagokoak izan daitezke. Horrez gain, haizea ere zakar ibiliko da, eta 100 km/h-ko boladak espero dira haizeguneetan eta erkidegoaren mendebaldean.
Iragarpenaren arabera, olatuek 6 metroko altuera gaindi dezakete arratsaldean, baina azken orduetan lauzpabost metro ingurukoak izango dira.
Gizon bat hil da Ondarroan
Hain justu, itsaso zakarrak biktima bat utzi du gaur, Ondarroan. Gizonezko bat zendu da olatu kolpe batek itsasora bota eta gero.
43 urteko senegaldarra portuan paseoan zebilen olatu kolpe batek jo eta itsasora erori denean. 10.45ean gertatu da ezbeharra.
Itsasoko Gurutze Gorriko kideek gizonezkoa itsasotik ateratzea lortu dute eta bihotz-biriketako bizkortzea egin diote, baina lekuan bertan hil da.
Osakidetzako helikoptero bat bertaratu da gizonezkoa erietxera eramateko, nahiz eta lekualdatzea ez den burutu.
Kalteak Donostian
Itsaso zakarrak Donostiako bi dendetan eta Kursaal zubian kalteak eragin ditu.
Denboraleak Salamanka pasealekuko bi dendetako leihoak apurtu ditu eta Kursaal zubiko baranda puskatu du.
Donostiako Udaleko langileek behin-behineko banda bat jarriko dute zubian, baina ibilgailu eta oinezkoentzat itxita egongo da asteazkena bitartean.
Donostian, berriz, prebentzio neurri guztiak hartu ditu Donostiako Krisi Mahaiak, eta erne jarraituko du, arratsaldean gerta daitekeenaren zain.
Getxoko Portu Zaharrerako bidea itxi dute
Getxoko Udalak, bestalde, Ola jatetxetik Portu Zaharrera doan bidea itxi du, alerta laranja dela eta.
Ereagako kaia eta Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan pasealekua uneoro zainduko dute eta eguraldiak okerrera eginez gero, itxi egingo dute. Horrela eman du jakitera Getxoko Udalak ohar batean.
Abisu horia, haizeagatik
Olatuen arriskua dela eta alerta laranja ezartzeaz gain, abisu horia ezarri du Jaurlaritzak haizeagatik. Euskalmeten iragarpenaren arabera, haize-boladak 100 km/h-koak izango dira haizeguneetan eta 80 km/h-koak gainerakoan, batez ere Bizkaian eta Araban.
Asteazkenean, itsasaldeko arriskua txikiagoa izango da, lauzpabost metroko olatuak aurreikusi baitituzte, eta abisu horia izango da indarrean.
Elurra ere kezka iturri izan liteke bihar. Eguerditik aurrera abisu horia izango da, elur-maila 700-800 metrora jaitsiko baita. Ostegunerako, 1.000 metro inguruan geratuko da, eta biharamunean ere igotzen jarraituko du; 1.500 metroan zurituko du ostiralean.