Gizartea -
Pasaiako sutea
Etxe berrietako giltzak jaso dituzte suteak kaltetutako familiek
Urte Zahar gauean bi eraikin kiskali zituen suteak kaltetutako 26 familiek gaur jaso dituzte datozen sei hilabeteetan biziko diren Trintxerpeko etxe berrietako giltzak.
Erredakzioa
Donostiako Morlans auzoan biziko dira datozen sei hilabeteetan Pasaian Urte Zahar gauean bi eraikin kiskali ostean etxe gabe gelditu ziren 26 familia. Eusko Jaurlaritzak hartu zuen erabakia eta Alokabide etxebizitza zerbitzua lanean ari da jadanik epe hau gainditu ostean irtenbide bat aurkitzeko. Familia hauek ez dute inolako alokairurik ordainduko.
Sei hilabete igaro ostean zer gertatuko den aurreratu ez badute ere aukera ezberdinak aztertzen ari dira: luzapen bati eta alokairu sozial bat ordainduta etxe hauetan jarraitzea edo Pasai Antxon laster amaituko dituzten etxe sozial batzuetara mugitzea. Azken honetarako ordea familia bakoitzaren kasua aztertu beharko litzateke.
Zaharren egoitza batetara joan den adineko emakume bat izan ezik gainontzeko kaltetuek, 42 zenbatu arte, irtenbide partikularrak hartu dituzte.
Euskadiko Etorbideko 5 eta 7 zenbakietako erretako eraikinei buruz Pasaiako alkateak, Amaia Agirregabiria, esan du udalatxea 'etxeak gehiago kaltetu ez daitezen estalketa bat' egin duela. Etxeetan zutoinak jarri dituztela gaineratu du eta 'bere jabeen eskuetera' itzuli ostean haiek hartu beharko dituztela dagozkien erabakiak, aipatu du.