Gizartea -
Trafikoa
Auto-ilara luzeak A-8an, Mendaro parean
Donostiako noranzkoan hiru autok elkarren kontra jo dute, eta kolpearen ondorioz, ibilgailuetako batek erdibitzailea pasatu du eta Bilboko noranzkoko erreia oztopatu du.
Erredakzioa
Hiru autok elkarren kontra jo dute, gaur arratsaldean, A-8 autobidean, Mendaro parean. Kolpearen ondorioz, auto batek bideko erdibitzailea pasatu du, eta errepidearen bi noranzkoak oztopatuta geratu dira. Gidarietako bat autoan harrapatuta gelditu da, eta suhiltzaileen laguntza behar izan dute gizonezkoa ateratzeko. Osakidetzaren helikoptero batean eraman dute Mendaroko ospitalera.
Segurtasun sailetik jakitera eman dutenez, hasiera batean bi noranzkotan itxi dute autobidea. Behin gizonezkoa autotik ateratzea lortu dutenean, errei bana zabaldu dute noranzko bakoitzean, eta autoak erretiratzen hasi dira. Hainbat kilometrotako auto-ilarak egon dira, istripua izan den inguruan.