Gizartea -

Denboralea

Alarma gorria ezarri dute 7 metroko olatuengatik

Igande goizaldeko hiruetatik bederatzietara izango dira ordurik kritikoenak; izan ere, olatuak 7 metrokoak izatera irits litezke.

Euria Iruñean. Argazkia: Efe
Euria Iruñean. Argazkia: Efe
Biharko alarma gorriari aurre egiteko prest dago Euskadi

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun sailak alarma gorria piztu dute kostan, olatu handiengatik. Igande goizaldeko hiruetatik bederatzietara izango dira ordurik kritikoenak; izan ere, olatuak 7 metrokoak izatera irits litezke.

Elurraren kasuan, abisu horia ezarri dute berriz ere larunbat arratsaldean; izan ere, elur-kota jaisten joan da eta 600 metrora kokatu da egunaren azken orduetan.

Lehenengo gertaerak goizaldean

Bilboko itsasadarrak gainezka egin du marea igo denean Erandioko zenbait puntutan; hori dela eta, etxebizitza bat hustu behar izan dute ura sartu ostean, beste lokal batzuetan gertatu bezala.

Eragin handiena Tartanga kalean izan da, urak erabat hartu baitu, eta berton zazpi pertsona etxetik irtenarazi dituzte, Segurtasun Sailak ezagutarazi duenez.

Urak 05:00ak aldera egin du gainezka, itsasgora bete-betean. Suhiltzaileak ura ateratzeko zenbait gailuekin bertaratu dira.

Udaltzainek eta Babes Zibileko zenbait kidek etxetik ateratako pertsonak lokal publiko batera eraman dituzte, aipatutako iturrien arabera.

N-634 errepidean, Zarautz eta Getaria artean, lur-jausia izan da, Segurtasun sailak adierazi duenaren arabera. Bidea guztiz itxita izan da 15:00etatik, eta horrela jarraituko du datozen orduetan, olatuen iragarpena dela eta.

Donostiako Udalak ''zentzuz jokatzea'' eskatu du

''Arretaz eta zentzuz'' jokatzea eskatu die Donostiako Udalak olatuak ikusteko asmoz kostaldera hurbilduko diren herritarrei eta ''nahigabeak'' ekiditeko agintarien argibideen jarraitzea eskatu du.

Berriz ere babeserako hesi altua jarri dute Kursaaleko zubian eta, egoeraren arabera, baliteke zubi hori eta Mundaizekoa ere ixtea. Berriz ere jarri dituzte harea-zakuak Parte Zaharrean eta baliteke kostaldetik hurbilen dauden zonaldeak autoz hustea.

Udalak jakinarazi duenez, ''prest ditu neurri guztiak'', baina ''herritarren parte-hartzea ezinbestekoa'' dela gogoratu du.

Litekeena da datozen orduetan Urumea ibaiak gainezka egitea, eta Donostiako Udalak Txomin-Enea eta Loiolako bizilagunei SMS bat bidali die autoak aparkalekuetatik atera eta Erriberako edo Anoetako aparkalekuetara eraman ditzaten.

Itsasotik gertuko zonaldeak itxiko dituzte Getxon

Larunbatean, 15:00etan, itxi egin dituzte Getxon itsasotik gertuen dauden zonaldeak.

Hala, oinezkoentzat itxi egingo dute Ereagako nasa, Ereagako hondartzako pasealekua eta Arrigunaga eta Azkorri hondartzak. Ibilgailuen joan-etorria ere eten egingo duten zenbait tokitan, eta Portu Zaharrerako oinezkoen sarrera kontrolatu egingo dute. Neurri hauek zorroztu egingo dituzte igande goizaldean.

Halaber, ontziak ez erabiltzea, amarradurak begiratzea, uretan kirolik ez egitea eta kostaldetik gertu dauden errepideetatik ez ibiltzea gomendatu dute.

Bermeoko portua, itxita

Bestalde, Bermeoko (Bizkaia) portu ontzientzat itxita egongo da larunbat arratsaldetik astelehenera arte.

Euskadiko gainerako nasetan ere neurriak abiatu dituzte egoerari aurre egiteko. Oinezkoei itsasoak astintzen duen tokietan ez ibiltzeko eskatu diete, joan den asteartean Ondarroan izandako ezbeharraren tankerako istripuak ekiditeko. Izan ere, 43 urteko senegaldar bat hil zen bertan, olatu baten harrapatuta.

Elurra

Arabako Opakua mendatea itxita dago eta kateak behar dira Bernedon (Araba).

Segurtasun Sailak arretaz gidatzeko eskatu du, elurragatik eta izotzagatik, Arabako Aiurdin, Altube, Barrerilla, Kurtzeta, Herrera, Salinas eta Zaldiaran mendateetan.

Horrez gain, arretaz gidatu behar da Gipuzkoako Etxegarate, Garate eta Lizarrusti mendateetan, eta Bizkaiko Urkiolan.

Iragarpena

Larunbatean, isurialde atlantikoan gogotik egingo du euria. Egunaren lehengo partean bereziki egingo du euria. Arratsaldean ostarteak zabalduko dira, baina zaparradak botako ditu tarteka. Bestalde, ezin da erabat baztertu zaparrada trumoitsuren bat edo beste botatzea. Orduak igaro ahala, elur-kota gero eta beherago egongo da; goizean goiz, 1.300 metrora, eta, gauean, 600 metrora ere jaitsi daiteke. Goizetik aurrera, haizeak ipar-mendebaldeko norabidea hartuko du, eta bolada oso gogorrekin joko du kostaldean. Egunez tenperaturak behera egingo du nabarmen, eta gauean, barnealdeko zenbait tokitan, izotza egingo du.

Igandean, eguraldiak hobera egingo du goizean goizetik. Egunaren lehen orduetan, zerua hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu ipar partean, bereziki ekialdean; hau da Gipuzkoan, Nafarroa iparrean eta Ipar Euskal Herrian. Goizean, ostarteak zabaltzen hasiko dira, eta arratsaldean, hegoaldean batez ere, giro argia izango da. Goizean bertan, haizeak hegoaldeko norabidea hartuko du, eta gauean, zakartu egingo da. Goizaldean, giroa hotzagoa izango da, eta izotza barnealdeko toki askotan egingo du. Beroenak, berriz, larunbatekoak baino pare bat gradu altuagoak izango dira.

Astelehenetik aurrera, tenperaturak gora egingo du apur bat, baina euria botatzen jarraituko du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea