Gizartea -
Orain 27 egun desagertu zen
Lazaroren desagerpenaren inguruko datu berriak jaso ditu Poliziak
Familiaren bozeramaileak azaldu duenez, Lazaro desagertu zen zonaldeko agintariek saria eskaintzea erabaki zuten ostiralean, argazkilariaren inguruko datu berriak lortzeko asmoz.
Erredakzioa
Kolonbiako Poliziak Borja Lazaro gasteiztarraren inguruan jasotako datu berri guztiak ikertuko diru, ostiralean informazio berri eta fidagarriak ematen dituenari saria ematea erabaki ondoren. 34 urteko gasteiztarra urtarrilaren 7an desagertu zen La Guajiran, Kolonbian.
Familiaren bozeramaileak azaldu duenez, Lazaro desagertu zen zonaldeko agintariek dirua eskaintzea erabaki zuten ostiralean, argazkilariaren inguruko datu berriak lortzeko asmoz.
Gainera, Venezuelako Poliziak Kolonbiako agenteen ikerketan parte hartuko duela adierazi du, Venezuelako mugatik gertu desagertu baitzen Lazaro.
Desagertuaren familiarentzat, Venezuelako Poliziak kasuarekin bat egitea "itxaropentsu" jarraitzeko moduko albistea da. "Zenbat eta aditu gehiago aritu kasua argitzen, orduan eta aukera gehiago daude arrakasta lortzeko", adierazi du Martinezek.
27 egun pasatu dira Lazaro desagertu zenetik. Vela lurmuturrean zegoen, ahulenen egoera salatzeko argazki erreportaje bat egiten.
Oraingoz, hipotesi guztiak zabalik daude: talde kriminal armatuek bahitu izana, ibiltzera joan eta galdu izana, edo igeri egitera joan eta ito izana, besteak beste.
Urtarrilaren 7tik 8rako gauean Borja Lazarorekin egon ziren pertsonekin hitz egin dute ikerlariek, baina ez dute hizketaldien inguruko informaziorik eman.
Familiari jakinarazi diotenez, ezin izan dute Lazaroren mugikorraren arrastoa aurkitu, ez baitzuen GPSrik. Dena dela, urtarrilaren 7tik zenbaki horretatik deirik egin ote den egiaztatu behar dute orain.
Senide eta lagunek ez dute itxaropenik galdu, bilaketa lanak indartzeaz gain, Espainiak Kolonbiako duen enbaxadak babesa eman baitie eta sare sozialetako kanpainak indarra lortu baitu.