Gizartea -
Bizkaia
Abokatua eta aholkularia zigortu dituzte etorkinei iruzur egiteagatik
4 eta 3 urteko espetxe-zigorrak ezarri dizkiete. Etorkizunek 1.500 eta 2.400 euro artean ordaindu zizkieten, lan-eskaintzen eta bizileku-baimenen izapideak egiteagatik.
Erredakzioa
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak kartzela-zigorra ezarri die abokatu bati eta aholkulari bati, etorkinei iruzur egiteagatik. Zehazki, 4 urte eta 9 hilabeteko zigorra ezarri dio abokatuari, eta 3 urte eta 6 hilabetekoa, aholkulariari.
Etorkin gehienek 1.500 eta 2.400 euro artean ordaindu zizkieten bi akusatuei, lan-eskaintza baten eta senitarteko baten bizileku-baimenen izapideak egiteagatik. Hainbat kasutan, seme edo alaba baten bizileku-baimena izaten zen, Espainian lan egin zezaten. Behin eskaria eginda, ordea, lan-eskaintza faltsua edo desegokia zela geratzen zen agerian.
SOS Arrazakeria elkarteak jakitera eman duenez, abokatuari 4 urte, 9 hilabete eta egun bateko espetxe-zigorra ezarri diote, eta denbora horretan ezingo du jardunean jarraitu. Halaber, 2.160 euroko isuna ordaindu beharko du. Aholkulariak, berriz, 3 urte, 6 hilabete eta egun bateko zigorra jaso du, baita lan egiteko debekua ezarri ere. Gainera, 1.800 euroko isuna ordaindu beharko du.
Bestalde, jasotako 48.850 euroak itzuli beharko dizkiete epaiketan izan diren 19 lekukoei, etorkinetako asko ez baitituzte aurkitu.