Gizartea -
Gertakaria
11 hilabeteko haur bat hil du txakur batek Ingalaterran
24 urteko gizonezko bat eta 20 urteko emakumezko bat atxilotu dituzte Blackburn hirian izandako gertakariaren ostean.
Erredakzioa
11 hilabeteko haur bat hil zen atzo gauean Ingalaterra ipar-mendebaldean, txakur baten erasoaren ondorioz. Erasoa jasan ondoren, ospitalera eraman zuten, auto batean, baina medikuak ezin izan zuten ezer egin, zauri larriak baitzituen, eta gauerdian hil zen.
Gertakari hori dela eta, 24 urteko gizonezko bat eta 20 urteko emakumezko bat atxilotu dituzte, haurrari behar bezala kontu egin ez izana leporatuta, eta Lancashireko polizia-etxera eraman dituzte.
Agintariek ez dute oraindik ez erasoaren xehetasunik ez txakurraren arrazaren berri eman.
"Ikerketa sakona egingo dugu gertaera tragiko hau argitzeko, eta horretarako prestatuta dauden poliziak umearen senideak laguntzen ari dira", esan du Simon Giles Lancashireko detektibeak.