Gizartea -
Iparraldeko Ikastolak
Frantziako Poliziak deklaratzera deitu du Seaskako lehendakaria
Paxkal Indok eta beste ehunka lagunek protesta egin zuten otsailaren 1ean Suprefeturaren aurrean, eta Poliziak hainbat lagun identifikatu zituen, arrautzak jaurtitzea leporatuta.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak deklaratzera deitu du Paxkal Indo Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkarteko presidentea, otsailaren 1ean Suprefeturaren egoitzaren aurrean egindako protesta batean izandako gertakarien harira, Kazeta.info webguneak jakitera eman duenez.
Pierre-André Durand prefetak eta Patrick Dallennes suprefetak ikastolen aurka egiten dituzten "erasoei" erantzuteko protesta izan zen, eta 400 pertsonatik gora bildu ziren bertan.
Poliziak gertutik zaindu zuen protesta une oro, eta, manifestariak arrautzak jaurtitzen hasi zirenean, jendarmeak haiengana hurbildu ziren, arrautza jaurtiketa geldiarazteko asmoz.
Elkarretaratzea amaitu zenean, Poliziak hainbat pertsona identifikatu zituen, arrautzak bota zituztelakoan. Horietako bat, adingabea, ostiralerako deitu dute deklaratzera, eta Indok astelehenean deklaratuko du.