Gizartea -
Noos kasua
Hutsegitea, emititzea barik, deklarazioa grabatzea da, Wouzeen ustez
Irudiak banatu zituen Wouzee enpresari bideoaren grabaketaren arduradunari buruz duen informazioa emateko eskatu dio ikerketa zuzentzen ari den epaileak.
Erredakzioa
Marcial Cuquerella Wouzee Interneteko plataformaren arduradun nagusiak esan duenez, ikerketa "logikoa" da, baina "hutsegitea, emititzea barik, deklarazioa grabatzea da".
Irudiak banatu zituen Wouzee enpresari bideoaren grabaketaren arduradunari buruz duen informazioa emateko eskatu dio ikerketa zuzentzen ari den Manuel Penalva Palmako 11. instrukzio epaitgiko epaileak.
Horrez gain, bideoaren edukia "kontu handikoa" zelako kendu zutela azaldu du, baina, astelehenean, "infanta" izena zuen erabiltzaile batek bigarren aldiz argitaratu zuen.
Cuquerellak epaileak eskatutako datu guztiak emateko prest dagoela esan du; izan ere, edukiak Datuen Babeserako Lege Organikoa gainditzen du.
Poliziaren ikerketa
Madrileko Polizia Nazionala astearte arratsaldean eta asteazken goizean Wouzee ekoiztetxearen egoitzan izan da Cristina Infantaren bideoaren grabaketaren erantzulea bilatzen. Jose Castro epailearen aurrean egindako adierazpenak biltzen dituzte irudio hauek.
Balear irletako Poliziaren Buruzagitza Nagusiarekin elkarlanean egiten ari diren operazioa Palmako 11. Instrukzioko Epaitegiaren aginduz burutzen ari da. Madrilen Wouzee enpresak duen egoitzan irudiak nork grabatu zituen argitzeko asmoz egon dira.
Infantak ez du bideoaren filtrazioa salatuko
Jesus Maria Silva Cristina infantaren abokatuak asteazken honetan azaldu duenez, larunbatean Jose Castro Noos auzia ikertzen ari den epailearen aurrean inputatu gisa egindako deklarazioaren bideoaren filtrazioari buruz infantak "ez du salaketarik jartzeko gogorik". Halaber, Polizia salan zeuden pertsona guztiei galdezka ari da.
Abokatuak defentsa moduan filtrazioari buruzko "errespetuzko isilaldia"ren alde egitea erabaki dutela azaldu du, eta ez dute horri buruzko ezer esango infantaren inputazioari buruzko prozesuan berririk izan arte.