Gizartea -

Lege egitasmoa

Belgikak gaur onartuko du umeen eutanasia legeztatzeko egitasmoa

Lege horrekin, mundu mailan umeen eutanasia adin mugarik gabe onartzen duen lehen herrialdea izango da Belgika.

Eutanasia haurrei zabaltzearen alde, lau belgikarretik hiru

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikako Parlamentuak umeen eutanasia legeztatuko duen egitasmoa onartuko du gaur, proiektuak eztabaida garratza sortu ondoren. Izan ere, kristau-demokratak eta flamenkoak egitasmoaren aurka agertu dira, baina herritarren % 75ek euren babesa eman diote ekimenari.

Lege horrekin, mundu mailan umeen eutanasia adin mugarik gabe onartzen duen lehen herrialdea izango da Belgika.

Eztabaida handia sortu duen legea gaur bozkatuko da Parlamentuan, eta badirudi diputatuen gehiengoak babestu egingo duela.

Ume bati eutanasia egiteko gurasoen baimena beharko da, eta baita psikologoen azterketa bat ere, umeak bizi duen egoeraren ulermen maila ikusteko.

Atzo, legea Parlamentura eraman zuten, eta sozialisten ordezkariak egin zituen adierazpenak hautsak astindu zituen, ekimen horrekin umeen sufrimendua "politikoki erabili" nahi izatea egotzi baitzien kontra bozkatuko duten alderdiei.

"Ez gaitezen joko politikoan sartu eta umeen sufrimendua erabili", eskatu zuen Karine Lalieux sozialistak. Kristau-demokratek eztabaida atzeratzea eskatu zuten, horren inguruan hausnarketa sakonagoa egiteko.

Egitasmoak Belgikako Senatuaren babesa jaso zuen iazko abenduan, sozialisten, liberalen, ekologisten eta flamenkoen botoei esker.

Umeen eutanasia oso kasu zehatzetan onartuko luke lege berriak, batez ere "sufrimendu fisikoa oso handia denean" edota "heriotzarako denbora gutxi falta den kasuetan”.

Diputatuek legea onartu ondoren, Felipe erregeak ere horren alde eginez gero, Belgika munduko bigarren herrialdea izango da umeen eutanasia legeztatzen (Herbehereetan ere onartu dute).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eutanasia gaur