Gizartea -
Drama
Istiluen aurkako materiala erabili zutela onartu du Fernandez Diazek
Marokotik Ceutan sartzeko izan zen saiakera masiboan gertatuakoa azaldu du Barne ministroak, Kongresuan. Gertakarian, gutxienez 11 pertsona itota hil ziren.
Erredakzioa
Gutxienez 11 pertsona itota hil ziren joan den otsailaren 6an, Marokotik Ceutan sartzeko saiakera masibo batean. Gertakariari buruzko azalpenak eman ditu ostegun honetan, Kongresuan, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Hain zuzen ere, 400 etorkin inguru saiatu ziren Espainian barrena egiten.
Fernandez Diazek Guardia Zibilak istiluen aurkako materiala erabili zuela onartu du, baina, ministroaren esanetan, egindakoaren eta heriotzen arteko "kausa ondorio efekturik ez dago".
Azalpenak emateko eskaera ministroak berak egin zuen arren, PSOE, Izquierda Plural, UPyD eta Talde Mistoak ministroaren premiazko agerraldia eskatu zuten, batez ere etorkinen sarrera ekiditeko erabili zituzten istiluen aurkako materialari buruz argitaratu den informazioa argitzeko. Diazek Guardia Zibilak egin duen txostena irakurri du Kongresuan egin duen agerraldian.
Ministroak azaldu duenez, "jaurtiketa guztiak lurretik egin ziren" eta "gutxienez, 25 metroko distantziara". Gainera, gomazko pilotak "Espainiako uretan jaurti ziren beti, etorkinak zeuden lekutik urrun" eta, "zauriturik gabe, horietako gehienek saiakera bertan behera uztea lortu zuten".
"Gure helburua ez zen inoiz etorkinak zauritzea izan, disuasio-hesi bat sortzea baizik", argitu du.
Guardia Zibilaren txostenaren arabera, Espainiako uretan "ez zen zauriturik edo biktimarik izan", eta baieztatutako hamaika heriotzak Marokoko uretan izan ziren. Espainiako uretan berreskuratutako bi hilotzei buruz, autopsiak itota hil zirela baieztatu duela esan du ministroak.
Kongresuan egin duen bigarren agerraldian, ministroak adierazi du etorkinen bizia arriskuan zeudela ikusi zutenean, Guardia Zibilak pilotak botatzeari uzteko agindua eman zuela.