Gizartea -
Erasotzailea, atxilotuta
Beasaingo Udalak sexu-erasoa gaitzetsi eta protestan bat egingo du
Ostiralean 39 urteko gizon bat atxilotu zuten adin txikiko bati sexu erasoa egitea leporatuta. Bizilagunei esker atxilotu zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea.
Erredakzioa
Beasaingo Udalak, atzo, ostirala, izandako sexu-erasoaren inguruan "gaitzespena eta salaketa" adierazi du, aireratutako ohar batean. Halaber, , elkartasuna adierazi dio Udalak erasoa jasan duen adin txikiko neskari zein bere hurbilekoei.
Udalak oharrean azaltzen duenez, "bizilagunen laguntzari esker gizonezkoa atxilotu egin du Ertzaintzak eta momentuz preso dago".
Gainera, Beasaingo Udalak bat egin du otsailaren 17an, astelehena, arratsaldeko 19:00etan San Martin plazan Asmubek deituriko elkarretaratzearekin, eta dei egin die herritarrei elkarretaratzean parte hartzera.
"Erakundeek ardura berezia dugu genero-indarkeriatik eratorri litekeen edonolako eraso edo jazarpenen kontrako neurriak hartzen: emakume eta gizonen arteko berdintasunerako politiketan jarrera aktiboa izanez, politika integral eta koordinatuak osatuz, edota prebentzio edo sentsibilizazio mailako neurriak hartuz; baina instituzioetatik haratago, jendarte osoak du, dugu, horri aurre egiteko eginbeharra", gaineratu du.