Gizartea -
4 hilabete Hodei Egiluz gabe
Euskal erakundeek Hodei non dagoen argitzeko eskatuko dute
Hodei Egiluzen senideek adierazpen bat irakurriko dute asteazkenean, Galdakaon. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute.
Erredakzioa
Hodei Egiluzen senideek eta Eusko Legebiltzarreko, Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Galdakaoko Udaleko ordezkariek adierazpen bat irakurriko dute asteazkenean, gaztea non dagoen argitzea aldarrikatzeko.
Hain zuzen ere, Galdakaon irakurriko dute adierazpena, Hodei desagertu zela lau hilabete betetzen direnean. Ondoren, elkarretaratzea egingo dute.
23 urteko gaztea 2013. urteko urriaren 19an desagertu zen, Anberesen (Belgika). Hiri horretako iparraldean ikusi zuten azkenekoz.
Hodei iazko apirilean joan zen herrialde horretara, Createlli enpresak lanpostu bat eskaini ziolako.
Desagertu zenetik, Galdakaoko Udalak elkarretaratze bat deitu du hilero, udaletxearen aurrean, senideei elkartasuna agertu eta gaztea non dagoen argitzea eskatzeko.