Gizartea -
Pisa 2012
Euskal ikasleen maila berdintzeko neurriak jarriko dituzte martxan
Euskal sisteman maila ezberdintasunak daudela argitaratu zuen PISA 2012 txostenak, eta horrekin amaitzeko neurriak hartuko dituztela azaldu du Cristina Uriarte sailburuak.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak aurreratu du Jaurlaritzak euskal ikasleen arteko maila ezberdintasunak (PISA 2012 txostenak utzi zituen agirian) berdintzeko neurriak hartuko dituela.
Sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin du iragarpena, berak eskatuta egindako agerraldian, eta PPk horren harian egindako galderei ere erantzun die bertan.
PISA txostenaren arabera, EAEko 15 urteko ikasleek Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) batez bestekoa baino emaitza hobea lortu zuten. Hiru alorretako jakintzak aztertu zituzten: irakur-ulermena, zientziak eta matematikak. Azken horretan, apur bat jaitsi dira 2009ko probetan lortutako emaitzak.
PISA txostenaren emaitza txarrenen artean eta ikasleek batez beste lortutakoen artean % 5eko aldea dagoela gogorarazi du Uriartek; horrek esan nahi du konpetentziei dagokienez euskal ikasle batzuen eta besteen arteko aldeak "behera egin beharrean gora" egin duela.
Horri aurre egiteko, Hezkuntza Sailak 'Hamaika esku' plana jarriko du martxan 54 ikastetxetan, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 10.000 ikasleri eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4.000 ikasleri zuzenduta.