Gizartea -
Lan istripuak
6 minuturo lan istripu bat gertatu zen Hego Euskal Herrian 2013an
LAB sindikatuak 2013ko lan ezbeharren gaineko txostena aurkeztu du Bilbon.
Erredakzioa
Sei minutuz behin lan istripu bat gertatu zen Hego Euskal Herrian 2013. urtean, eta hamabost minutuz behin gertatutako istripuen ondorioz, egun bat baino gehiagoan lanera joan ezinik izan ziren langileak.
LAB sindikatuak 2013ko lan ezbeharren gaineko txostena aurkeztu du ostegun honetan Bilbon.
Orotara, 79.581 lan istripu gertatu ziren 2013an: 73.125 EAEn eta gainerakoak, Nafarroan. Istripu horietan 50 langile hil ziren.
Gaurko prentsa agerraldian Ibon Zubiela LABeko Lan Osasuneko arduradunak hitz egin du, eta 2012ko datuekin alderatuta jaitsiera izan dela onartu badu ere, jaitsiera langile kopuruaren beherakadarekin lotu du. Azaldu duenez, ezbehar gehien gertatzen diren eraikuntza eta industria sektoreetan langile gutxiago daude krisiaren eraginez.
Halaber, datu ofizialak errealitatearekin ez datozela bat azaldu du; izan ere, ez dituzte kontuan hartzen norberaren kontura eta ezkutuko ekonomian lan egiten dutenak eta etxeko langileak. Enpresek eta mutualitateek istripuak ezkutatzen dituztela salatu du.
"Segurtasun eta osasun alorretan ez da hobekuntzarik egon: segurtasun neurriak falta dira eta Laneko Arriskuen Prebentzioko Legea ez da betetzen", salatu du.