Gizartea -
Osasuna
Euskadiko eta Ipar Irlandako Gobernuek ekintza plana sinatu dute
Helburua osasun arloko erronka berriei batera aurre egitea da. Horretarako, arlo sanitarioan eta arlo soziosanitarioan ekintza zehatzak eta koordinatuak burutuko dituzte bi Gobernuek.
Erredakzioa
Euskadiko eta Ipar Irlandako Gobernuek ekintza plan bat jarri dute abian. Helburua, osasun arloko erronka berriei batera aurre egitea da. Horretarako, arlo sanitarioan eta arlo soziosanitarioan ekintza zehatzak eta koordinatuak burutuko dituzte bi gobernuek. Ana Iruretagoyena
Europara begirako plana izango da; izan ere, Ipar Irlandako eta Euskadiko Gobernua bat datoz Europa osoari eragiten dion arazoan. Horrela adierazi du Edwin Pootsek, Ipar Irlandako Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Ministroak, Jon Darpon Osasun sailburuarekin Bilbon egin duen prentsaurreko batean.
Ekintza plana ikaskuntza-sareak sortzean datza batez ere. Sektorean lan egiten duten iparirlandar eta euskal langileen arteko sareak izango dira. Gogoeta-talde bat ere sortuko da, kronikotasun eta zahartzaro politika efizienteak lortzeko. Gainera, teknologiari dagokionez, erosketa-publiko berritzailea sustatuko da, osasun-sistemaren beharrak bete eta enpresa-sektorean berrikuntza sustatzeko.
Ministroak bi lurraldeen ezaugarri eta erronkak antzekoak direla gehitu du. Bada, antzekoak dira Ipar Irlanda eta Euskadi biztanleria kopuruari dagokionez, eta baita Kudeaketa Autonomiari dagokionez ere. Ez hori bakarrik, Europa mailan erreferente dira biak ere osasun arloan.
"Gero eta gehiago dira biztanleria zaharraren beharrak, eta gaixotasun kronikoak dituztenen beharrak. Hori dela eta, osasun-sistemaren kostea areagotu egingo da. Horregatik elkartu gara. Jarrera eta interes berak dauzkagulako. Gure lehen interesa zerbitzatzen dugun jendeari kalitate oneko osasun zerbitzua eskaintzea da", esan du Pootsek.