Gizartea -
Lapurreta museoan
Gizon bat atxilotu dute Goyaren grabatu bat osteagatik, Santanderren
Gizonak 2.000 euroko balioa duen grabatu bat lapurtu du Santanderreko Arte Moderno eta Garaikideko Museoan. Poliziak dagoeneko berreskuratu du 'Ya van desplumados' obra.
Erredakzioa
Polizia Nazionalak 36 urteko gizon bat atxilotu du, Santanderreko Arte Moderno eta Garaikideko Museoan Francisco de Goyaren grabatu bat lapurtzea egotzita.
Ostutako litografia ('Ya van desplomados' izenburua du) berreskuratu dute jada. Artelana, Los Caprichos de Goya bildumako lanetako bat da (laurogei laneko bilduman hogeigarrena, hain zuzen ere) eta 2.000 euroko balioa du.
Poliziak gaur eman du gertatutakoaren berri, ohar baten bidez, baina ostiralean lapurtu omen zuten, 10:00ak eta 11:00ak bitartean. Lapurretaren ustezko egilea, baina, astelehenean atxilotu zuten, eta dagoeneko epailearen esku utzi dute.
Lapurretaren berri izan baino ez, Polizia Zientifikoa bertaratu zen museoan, aztarnen bila, eta "lapurreta izan zenetik ordubete eskasera bertaratu izana erabakigarria izan da egilea atzemateko", horren arabera.
Museoan bertan jasotako aztarnei esker lapurretaren ustezko egilearen berri jasotakoan, Polizia Nazionaleko talde operatibo guztiei eman zieten horren berri, eta, horren ondorioz, astelehenean, Santanderren atxilotu zuten talde horretako kideek.
Ikerketaren iturriek jakitera eman dutenez, atxilotuak bere etxea miatzeko baimena eman zion Poliziari, abokatua aurrean zela, eta bertan aurkitu zuten ostutako grabatua.
Ustezko lapurra bi aldiz atxilotu dute aurretik, mehatxuak egitea eta, lesiorik eragin gabe, tratu txarrak ematea egotzita.