Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Zornotzan, neska biri sexu-erasoa egiteagatik
Neska gazteetako bat konortea erdi galduta topatu zuen Ertzaintzak. Ustezko erasotzailea inguruan atzeman zuten, prakak jaitsita zituela.
Erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu zuen atzo Zornotzan, neska gazte biri sexu-erasoa egitea egotzita. Biktimetako bat adingabea da eta biak osasun-zentro batera eraman behar izan zituzten.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, bi neska gazteek 112 larrialdietarako zerbitzura deitu zuten, gizonezko bat eraso egiten ari zitzaiela ohartarazteko.
Ertzaintzaren patruila bat haiek esandako tokira bertaratu zen, eta bi neskak topatu zituen; bietako batek konortea erdi galduta zeukan.
Ustezko erasotzailea ere inguruan aurkitu zuten, prakak jaitsita zituela. Berehala atxilotu zuten, sexu-erasoa egitea leporatuta.
Gazteek Ertzaintzari azaldu diotenez, ukituak egin zizkien. Osasun-zentro batera eraman zituzten biak, anbulantziaz; oso urduri zeuden eta arnasteko arazoak zituzten.