Gizartea -
Protestak herri musulmanetan
Googlek Islamaren aurkako filma kendu du
AEBko auzitegi federal batek Innocence of Muslims filma YouTubetik kentzeko agindu dio Googleri, Mahoma profetaren irudia satirizatzen duela iritzita.
Erredakzioa
AEBko auzitegi federal batek Innocence of Muslims filma YouTubetik kentzeko agindu dio Googleri . Pelikulak protestak eragin zituen zenbait herrialde musulmanetan, bertan musulmanen kontrako biraoak egiten direlako eta Mahoma profetaren irudia satirizatzen duelako.
AEBko Apelazio Auzitegiak baztertu egin du filma erakusteko debekuak adierazpen askatasuna urratzen duelakoan Googlek jarritako helegitea, BBCk adierazi duenez.
Cindy Lee Garcia aktoreak Googleren kontrako demanda jartzea erabaki zuen, filmeko arduradunak (Nakula Basseley Nakula) eman zion gidoian ez zirelako ez musulmanak ez Mahoma aipatu ere egiten, eta bere ahotsa postprodukzioan bikoiztu zutelako. Auzitegiak arrazoia eman dio orain aktoreari, filmean egin zuen lanaren eskubideak bereak direla eta filma eta berarekin adostu zutena bat ez datozela iritzita.
2012an urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten Nakulari, ehunka ezizen baliatuz hirurogei bat kontu korronte ireki eta txekeak erabiliz iruzur egiteagatik. Gainera, hogeita bat hilabeteko kartzela zigorra jarri zioten eta baldintzapeko askatasuna urratu zuen.
"Garciaren antzezlana, bere esanetan, modu gorrotagarrian erabili zen, eta pelikulan agertzeak kalte fisikoak eta hiltzeko mehatxuak ekarri zizkioten. Hori jakin arren, Googlek filma YouTubetik kentzeari uko egin zion", azpimarratu du epaileak.
Garciaren abokatua (Cris Armenta) erabakiarekin pozik agertu da. "Zuzena da Googleri eta YouTuberi pelikula kentzeko agintzea", adierazi du abokatuak Reuters agentziari bidalitako mezuan.
YouTuberen jabea, Google, filma kentzearen kontra agertu da, pelikularen eskubideak aktorearenak barik zuzendariarenak direla iritzita.
Protestak
Zintak 2012ko irailean protestak eragin zituen herrialde islamikoetan, Mahoma profeta (Islameko irudi sakratua) emakumezale, ero eta musulman faltsu baten moduan aurkezten zuelako.
Bideoa 2012ko uztailetik zegoen YouTuben ikusgai, eta irailaren 11ko atentatuen urteurrenean bikoiztu egin zituen sarrerak. Horrek protestak ugari egin zituen zenbait herrialde arabiarretan.
Mobilizazioak hogeita hamar herrialdetara zabaldu ziren, eta AEBk Kairon duen enbaxadaren eta Bengazin duen kontsulatuaren kontrako erasoak eragin zituen. Azken eraso horretan, Christopher Stevens AEBko Gobernuak Libian zuen enbaxadorea hil zuten, AEBko beste hiru herritarrekin batera.
Horrez gain, Sudanen hiru manifestari hil ziren, AEBko enbaxadaren aurrean izandako istiluetan, polizia-ibilgailu batzuek harrapatuta. Beste bi pertsona Tunisian hil ziren, AEBko Gobernuak herrialde horretan duen enbaxadaren kontrako erasoan.