Gizartea -

ITSAS DENBORALEA

11 metrorainoko olatuak izan dira Donostiako buian

09:00etan, alarma gorritik alerta laranjara jaitsi da. Atzo, euskal kostaldeak eutsi egin zion enbatari.

Olatuak Bermeoko portura sartu dira

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denboralea ahuldu egin da euskal kostaldean, atzo Donostian 11,1 metroko olatuak izan ondoren. Bestalde, abisu horia indarrean dago, 100 km/h-ko haize-boladak direla eta.

Donostiako suhiltzaileen eta Segurtasun Sailaren arabera, ez da ez uholderik ez kalte handirik izan, otsailaren 2an izandako denboralearekin alderatuta. Ordukoak ere bat egin zuen marea biziekin.

Gipuzkoako kostaldean izan dira olatu handienak. Izan ere, bart 22:00etan 11,1 metroko olatuak izan dira Donostiako buian. Urumeako bi zubiak eta itsasotik gertuko bi pasealekuak irekitzea erabaki du Donostiako Udalak.

Denboraleak ez du kalte handirik egin Donostiako azpiegituretan, baina olatu batek Salamanca pasealekuko 12. zenbakiko leiho bat apurtu zuen, Udalak ohar bateak jakitera eman duenez.

Itsasgora goizaldeko 6:15etan izan da, eta Txomin-Enea auzoan gainezka egin du Urumeak, Antzieta kaletik gertu.

Donostiako krisi mahaiak eta Zurriolako eta Mundaizko zubiak irekitzea erabaki du. Itsasgoraren ondoren, Santa Catalinako zubia ireki du Udalak.

Era berean, pasealeku berria eta Salamanca pasealekua goizean zehar irekiko ditu Donostiako Udalak.

Goizean, olatuak Alde Zaharrera iritsi dira, baina ez dute ez kalterik ez uholderik eragin.

Bilboko itsasadarrak, gainezka

Bilboko itsasadarrak gainezka egin zuen, Elorrieta eta Zorrotzaurre artean, eta urak hamar zentimetro gainditu zuen ubidea.

Olatuek hormigoizko hiru bloke mugitu dituzte Bermeon

Arratsaldeko olatuek hormigoizko hiru bloke mugitu zituzten Bermeoko kai-muturrean, eta ura arrantzaleen lonjetan sartu zen berriro.

Neurriak Gipuzkoan

Bermeon, porturako sarbidea 16:00etan itxi zuten, eta itsasontziak Bilboko itsasadarrean babestu zituzten. Zarautzen, malekoia asteazken eguerdira arte itxi dute.

N-634 errepidea itxita dago, denboralearen ondorioz, Zarautz eta Zumaia artean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Donostian, Kursaaleko zubia eta Salamanca Pasealekua itxi dituzte. Halaber, Donostiako Krisi Mahaiak Mundaiz zubia guztiz ixtea eta Santa Katalinakoa zentrorako norabidean ixtea erabaki du, olatuaren altueraren ondorioz. 20:00etan, Kursaaleko zubia bakarrik utzi dute itxita.

Añarbeko presa itxita dago, Urumea ibaiari emaria eman gabe, isats ekologikoa izan ezik, denboralea dela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea