Gizartea -
HIESAREN SENDAGAI POSIBLEA
AEBko medikuek GIB birusarekin jaiotako haurtxo bat sendatu dute
Jaioberriak giza immunoeskasiaren birusa zuen, baina jaio eta ordu gutxitara emandako tratamenduari esker, bederatzi hilabete bete dituenean ez du birusaren arrastorik.
Erredakzioa
Jaioberritan giza immunoeskasiaren birusa (GIB) zuen umetxo bat sendatu dela baieztatu du AEBko mediku talde batek asteazken honetan. Haurtxoa jaio eta ordu gutxitara emandako 'tratamendu gogor bati esker' sendatu dela adierazi dute.
BBC katearen arabera, lorpen honek tratamenduaren arrakasta baieztatu du. Joan den urtean ere, tratamendu berbera erabili zuten modu arrakastatsuan, mediku taldeak Bostonen hiesaren inguruan egindako hitzaldi batean azaldu dutenez.
Ikertzaileen esanetan, Kalifornian jaiotako umetxoak bederatzi hilabete ditu eta ez du GIB birusaren arrastorik. Kasu honen emaitzak ikusita, baliteke hurrengo hiru hilabeteetan GIB birusa duten berrogeita hamar bat jaioberrirekin ere frogak egitea.