Gizartea -
Botiken koordainketa
50.000 pertsonak koordainketaren gastua eskatu diote Jaurlaritzari
Osasun zentroetan formulario bat betez egin daiteke koordainketagatik gastatutakoa itzultzeko eskaria. Ekainaren 30ean hasiko dira dirua itzultzen, eta uztailetik egindako gastuak itzuliko dituzte.
Erredakzioa
Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 50.000 herritarrek egin dute botiken koordainketaren bidez egindako gastua berreskuratzeko eskaria, Jon Darpon Osasun sailburuak jakitera eman duenez. Jaurlaritzak Espainiako Gobernuak onartutako koordainketa itzultzea erabaki zuen, eta gehienez pertsonako zortzi euroko gastua bueltatuko du ekainetik aurrera.
Osasun zentroetan formulario bat betez egin daiteke koordainketa dela eta gastatutako dirua itzultzeko eskaria. Ekainaren 30ean hasiko dira dirua itzultzen, eta iazko uztailetik egindako gastuak bueltatuko dituzte.
Jaurlaritzak 18 milioi euroko partida bat zuzenduko du horretara, gaur Jon Darponek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan adierazi duenez.
HelegiteakBestalde, botiken koordainketa eta osasun-txartel indibiduala auzitara eramatea "saihestezina" izan dela azpimarratu du Jon Darpon sailburuak, "nahiz eta epaitegietara jotzea ez izan guri gehien gustatzen zaiguna". Eusko Jaurlaritzak bi helegite jarri ditu bi araudi horien kontra, bata Osasun eta Farmaziako Sistema Nazionalaren Oinarrizko Zerbitzu Zorroaren Zuzendaritza Nagusiak onartutako koordainketaren kontra, eta bestea osasun-txartel indibiduala arautzen duen irailaren 30eko 702/2013 Errege Dekretuaren aurka.
Anbulantzien gatazkari buruz galdetuta, enpresa pribatuen eta horien langileen arteko gatazka dela nabarmendu du sailburuak, baina Jaurlaritza "oso adi" egongo dela azpimarratu du.
Ekarpenak
Ekarpen subordinatuei buruz, Darponek adierazi du ez zirela ez Jaurlaritza ez Kontsumobide izan horiek "merkatuan jarri zituztenak".
Gertatutakoarekin "sufritzen" ari den jendea badela onartu du sailburuak, eta Kontsumobiden "irtenbide bat" bilatzeko lanean jarraituko dutela azpimarratu du.