Gizartea -
Ekitaldia
Selma Huxley ikertzaileak Lagun Onari saria jaso du
Ternua eta Labradorreko euskal arrantzaleen jarduna ikertu zuen urtetan, eta haren lanak Kanadako eta Euskal Herriko historiako gertakari horien berri eman digu, Jaurlaritzak azpimarratu duenez.
Erredakzioa
Selma Huxley ikertzaileak 2014ko Lagun Onari saria jaso du astearte honetan, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. Jatorriz kanadarra eta britainiarra da ikertzailea, eta urteak eman ditu 1530 eta 1700 artean Ternua eta Labradorren izan ziren euskal arrantzaleen inguruan ikertzen. Zehazki, zenbait baleagune aurkitu zituen, eta ordura arte ezagutzen ez zen Kanadako eta Euskal Herriko historiaren zati bat ezagutarazi zuen.
Iñigo Urkulluk ekitaldian azpimarratu duenez, Selma Huxleyren lemak bide berriak ireki dizkio Euskadiri. «Haren lanak gure izaeran eragin handia izan duen zerbait gogorarazten digu: ekaitzen eta oztopoen beldur izan gabe, edozer helbururi ekiteko gai garela, garai bateko baleazaleen eta bakailao-arrantzaleen antzera, nahi ditugun proiektuak gauzatuko ditugula baitakigu», nabarmendu du.
Selma Huxley-Barkham (Londres, 1927) Kanadako eta Euskal Herriko historian aditua da. 1972an Oñatira etorri zen eta bertan ikertu egin zuen XVI. eta XVII. mendeetan Kanadako kostalde atlantikoan, Ternua eta Labradorren, egondako euskaldunen jarduna.
Hala, Selma Huxleyk aurkitutako dokumentuei esker, azaleratu egin ziren Kanadan eta Euskal Herrian ezagunak ez ziren hainbat datu esanguratsu, bereziki XVI. mendean Ternuan zeuden bakailao eta balea arrantza-leku euskaldunak. Hainbat aurkikuntza egin zituen ikerlariak, besteak beste XVI. mendean Labradorko Red Bayn euskal balea-industria zegoela: balea-portuak, guneen aztarna arkeologikoak eta portu horietan hondoratutako euskal galeoiak (horien artean San Juan galeoia, 1565ekoa). Datu horiei esker, 1978an, Parks Canadako urpeko arkeologoen talde batek XVI. mendeko balea-ontzien kroskoak aurkitu zituen Red Bayn eta Chateau Bayn.
Lagun Onari goraipamena
Lagun Onari goraipamenak esker ona eman nahi die Euskal Herrikoak izan ez arren, beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik.