Gizartea -
Kalamua
Eusfac-ek Donostiak kanabis elkarteak arautzea babestu du
Euskal Herriko Kalamuaren Elkartearen ustez, 'oso positiboa' da Donostiako Udalak abian jarriko duen ekimena.
Erredakzioa
Euskal Herriko Kalamuaren Elkartea (Eusfac) Donostiako Udalak kanabis elkarteak arautuko dituen ordenantza abian jartzearen alde agertu da, eta "giza errealitate" honentzat "borondate politikoa" dagoela erakusten duela adierazi du.
Donostiako Gobernuaren ekimena "oso positiboa" dela uste dute Iker Val eta Aitor Brion Eusfaceko kideek, eta ordenantza berriak "betetzeko moduko araudia" proposatzen duela eta Euskal Herrian horrelako zerbait lehen aldiz egiten dela nabarmendu dute.
Iker Valen ustez, Eusko Jaurlaritzari eta gainerako erakundeei "dei argi bat egiten dien ordenantza politikoaren aurrean gaude". Euskal Herrian 200.000 kalamu kontsumitzailek osatzen duten "errealitate sozialari" eragingo dion ordenantza orokorra falta dela esan du. Horietako 15.000 inguru Gipuzkoan daudela azaldu du.
Aitor Brionek Donostiako Udalak "araudi berri bat erakitizeko lehen pausoak" eman dituela esan du, eta Eusko Jaurlaritzak Menpekotasun eta Prebentzio Legearekin "berdin egin beharko luke", gaineratu du.
Eusfacen arabera, Euskal Herrian 50 kanabis elkarte inguru daude eta 10.000 kide biltzen dituzte. Donostian 21 daude eta horietako bost bakarrik daude elkarte honen baitan; guztira 400 bat kide biltzen dituzte.
Kopuru hau "onartzeko irizpide" zorrotzak dituztelako gertatu dela esan dute. Izan ere, elkarte horretako kide izateko 21 urtetik gora izan behar dira eta, horretaz gain, elkarte federatuak izan behar dute.