Gizartea -
Baix Empordà
Gironako sutea egonkortzea lortu dute
Baso bateko 300 hektarea inguru erre dira Baix Empordàn. Ramon Espadaler Barne kontseilariak arretaz jokatzea eskatu du, sutea kontrolatutzat eman baino lehen.
Vall-llobregan (Gironan) izan den sutea egonkortzea lortu dute, Ramon Espadaler Barne kontseilariak azaldu duenez. Horretarako, 50 lantalde baino gehiago omen dago lanean.
Hedabideen aurrean aritu da Vall-llobregan bertan eta sutea egonkortzea "jauzi kualitatiboa" dela aitortu duen arren, arretaz jokatzea eskatu du, sutea kontrolatutzat eman baino lehen.
Sute horrek 300 hektarea inguru erre ditu Vall-llobrega, Palamós eta Calonge (Baix Empordà, Girona) udalerrien artean. Haizearen abiadurak behera egin du gauean, eta baita tenperaturak ere. Gainera, hezetasunak gora egin du eta horrek sutea baretzea ekarri du.
Suhiltzaileek espero dute goizean zehar egonkortzea sutea, hainbat hegazkin horretarako lanean ari baitira. Horrela jakinarazi du Ramon Espadaler Barne kontseilariak.
400 lagun inguru etxetik irtenarazi zituzten atzo, baina etxera bueltatzeko aukera izan zuten atzo gauean bertan, hiru etxe isolatutako bizilagunak izan ezik.
Zauritu bat eragin du suteak: suhiltzaile boluntario batek ospitalean eman du gaua, bularrean ubeldurak baitzituen, baina senda-agiria datozen orduetan emango diote.
Vall-llobregan hasi zen sutea, Les Gavarres mendikatearen alboan, eta oso arin hedatu zen, tenperatura oso altuak izan direlako eta haizeak indar handia zuelako. Baso bateko 300 hektarea erre ditu.
Gauean zehar, haizea baretu egin da, 10 kilometro orduko abiadurara heldu baita, eta tenperaturak behera egin du, hezetasunak gora egin duen bitartean. Eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, gaurko tenperaturak atzokoak baino baxuagoak izango dira eta haizeak ez du indarrez joko; gainera, haizeak hegoaldetik iritsiko da, eta horrek sua mendean hartzen lagunduko du.
Sutearen jatorriari dagokionez, hipotesi nagusiaren arabera, uztondoak erreta zabaldu zen. Txingarrak lurrez estali ez zituztenez eta guztiz itzalita ez zeudenez, haizeak berriz pizten lagundu zuen.
Espadaler kontseilariaren ustez, basoen baldintzek ez dute lagundu sua baretzea: lehorteak eta tenperatura altuak maiatzeko denboraldikoak dirudite eta "erantzukizunez" jokatzea eskatu du.