Gizartea -
Zergak
Roaming-a 2016rako desagerrarazten saiatuko dira eurodiputatuak
Roaming-a dela eta ezartzen diren zergak kentzeko eskatu dute eurodiputatuek. 2015eko abendutik aurrera, ez dira horiek ordaindu beharko sakelakoa Europar Batasuneko beste herrialdeetan erabiltzeko.
Europako Parlamentuko Industria, Ikerkuntza eta Telekomunikazio Batzordeak roaming-a (mugikorra erregistratuta dagoen eremu geografikotik kanpo ere erabiltzeko aukera ematen duen zerbitzua) amaitzeko eskatu du. Horrela, 2015eko abendutik aurrera ez da zerga hori ordaindu beharko sakelakoa Europar Batasuneko beste herrialdeetan erabiltzeko.
Eurodiputatuek telekomunikazio paketeen aldeko botoa eman dute. Horrela, sektorea askatu nahi dute roaming-a kenduta. Merkatu bakarrerako oztopoa dela esan dute, eta Europako sektorea lehiakorra izatea moteltzen omen du, beraien ustez.
Telekomunikazio paketeen txostenean azaldu dute roaming-a 2015eko abenduaren 15erako ezabatu nahi dutela; hau da, Europako Parlamentuak nahi duena (2016ko uztailerako) baino sei hilabete lehenago.
Gauzak horrela, telekomunikazio pakete berri horren baitan, eurodiputatuek arau berriak eskatu dituzte. Interneteko hornitzaileek bi abiadura ezartzen dituzte lehiakideei traba egiteko.
Bestalde, Europar Batasuneko abiadura handiko Internet zerbitzua hobetzeko neurriak ezarriko dituzte, eta, horretarako, espektro erradioelektriko ahalik eta zabalena askatuko dute.