Gizartea -
'Bateragarritasun altua'
Mateo leuzemia duen haurtxoak muin-emaile bat lortu du
Madrilgo La Paz ospitalean azterketa bat egin zioten atzo eta gurasoei esan zieten Mateorekin "bateragarritasun altua" duen emaile bat aurkitu dutela.
Mateo, leuzemia duen 10 hilabeteko haurtxo madrildarrak (#medulaparamateo kanpainaren protagonista, hain zuzen ere) "bateragarritasun altua" duen muin emaile bat lortu du, Ricardo Schell umearen osabak konfirmatu duenez.
Madrilgo La Paz ospitalean azterketa egin zioten atzo eta Mateorekin bateragarria den emaile bat dagoela jakinarazi diete gurasoei eta transplantea apirilean egingo dute.
Familiak ez daki emailea nor den eta ez da %100ean bateragarria, baia "bateragarritasun altua" duela dirudi.
#medulaparamateo kanpaina haurraren gurasoek jarri zuten martxan, jakin zutenean haurraren anaiaren zelulak ez zirela bateragarriak, senideak izan arren.
Mateorentzat muina lortzea zuen helburu ekimenak eta Osasun ministerioak agindu bat jarri zuen martxan horren harira: muin-emaileak lortzeko kanpainak arautzea lortu zuten, besteak beste, gaixo konkretu batentzat eskariak ekiditeko.
Muina emateko promozio lanetan zeuden kanpainak jarri zituzten martxan eta, Mateok emaile bat lortu duen arren, gainontzeko gaixoei irtenbide bat aurkitzeko lanetan jarraituko dute haurtxoaren osabak jakinarazi duenez.