Gizartea -

Eustaten datuak

Tumoreek eragiten dute EAEko heriotzen heren bat

Zirkulazio aparatuko gaixotasunak dira heriotzen bigarren kausa nagusia. Hala, minbizia eta zirkulazio aparatuko gaixotasunak daude heriotzen % 58ren atzean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tumoreek eragiten dituzte heriotza gehien Euskal Autonomia Erkidegoan. 2013ko hirugarren hiruhilekoan, heriotza guztien herena eragin zuten.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2013ko uztaila eta iraila bitartean izandako heriotzen gaineko estatistika datuak kaleratu ditu. Aipaturiko tarte horretan iazko epe berean baino % 4,2 heriotza gehiago izan ziren (4.500 hildako).

Hildakoen % 51,8 gizonezkoak izan ziren. Adinari dagokionez, horien % 39k 80 eta 89 urte bitartean zituzten; % 22k, 70 urte baino gutxiago; % 21ek, 90 urte baino gehiago, eta % 18k, 70 eta 79 urte bitartean.

Heriotzen % 33,2 tumoreek eragin zuten, eta heriotzen bigarren kausa nagusia zirkulazio sistemako gaixotasunak izan ziren (% 24,8). Hala, minbizia eta zirkulazio aparatuko gaixotasunak daude heriotzen % 58ren atzean. Hirugarrenik, arnas aparatuko gaixotasunek 374 hildako eragin zituzten (% 8,3).

Gizonezkoen artean, tumoreak dira heriotzen kausa nagusia, eta emakumezkoen artean, berriz, zirkulazio aparatuko gaixotasunak. Arnas aparatuko gaixotasunak heriotza gehien eragiten dituzten faktoreen arten hirugarren kausa dira oraindik ere emakumezko zein gizonezkoen artean.

Bestalde, 2013ko hirugarren hiruhilekoan, jaiotzak 469 gehiago izan dira heriotzak baino.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea