Gizartea -
Franco
Francoren biloba inputatu dute, Guardia Zibilari eraso egiteagatik
Francisco Franco Martinez-Bordiuri Guardia Zibilaren patruila bati eraso egitea egotzi diote, patruilak argirik gabe gidatzen harrapatu zuenean.
Erredakzioa
Francisco Franco Martinez-Bordiu, Francisco Franco diktadore zenaren biloba, inputatu gisa deklaratzen hasi da ostegun honetan Calamochako (Teruel) epaitegian, agintaritzaren kontrako delitua egin izana leporatuta. Guardia Zibilaren patruila bati eraso egitea egotzi diote.
10:30 baino pixka bat lehenago iritsi da Francisco Franco Martinez-Bordiu epaitegira, abokatua alboan zuela. Irribarretsu eta lasai sartu da epaitegira, eta ez du kazetarien aurrean adierazpenik egin nahi izan.
Martinez-Bordiurekin izandako gertakarietan zauritu zen guardia zibila akusazio partikular gisa aurkeztu da epaiketan.
2012ko apirilaren 30ean jazo zen liskarra. Guardia Zibilaren patruila batek argirik gabe zihoan auto bat atzeman zuen, ustez isileko ehiztariak barruan zeudela. Ibilgailua ihes egiten saiatu zen, STOP seinale ugari ere gelditu gabe igarota, eta Guardia Zibilaren auto bat jo zuen.
Auziko iturriek azaldu dutenez, Guardia Zibilaren orotariko ibilgailuaren kontra talka egin zuen autoa Martinez-Bordiu familiaren enpresa baten izenean dago. Guardia zibiletako baten iritziz, gainera, Francisco Martinez-Bordiu zen ibilgailuaren gidaria, baina ez dago erabat ziur.
Halaber, Martinez-Bordiuren enpresa baten izenean dagoen eskuko telefono baten arrastoa atzeman dute ezbeharraren tokian eta unean.