Gizartea -
Gertakaria
Lau adingabe hil dira sute batean El Vendrellen
Ustez 3, 5, 8 eta 12 urteko anai-arrebak dira, eta etxean piztutako sute baten ondorioz hil dira. Zaurituak ere izan dira, eta 51 urteko gizonezko bat larri dago ospitalean.
Erredakzioa
Ustez anai-arrebak ziren 3, 5, 8 eta 12 urteko lau haur hil dira bart El Vendrelleko (Tarragona) etxebizitza batean izandako sutean, eta lau lagun zauritu dira. Dirudienez, famili berekoak dira denak.
Generalitateko suhiltzaileek jakitera eman dutenez, sutea 23:40an piztu zen El Vendrelleko Mig kaleko hirugarren atariko laugarren solairuan, haurrak hilik topatu dituzten etxebizitzan.
Lau zaurituetako bat, 51 urteko aita, larri eraman dute Vall d'Hebron ospitalera, baina egonkor omen dago. Gainerakoak El Vendrelleko ospitalean artatu dituzte.
Suhiltzaileen bost kamioi bertaratu dira, baina iritsi direnerako sutea oso indartsua zen, nahiz eta eraikineko laugarren solairuko etxebizitza bakar bati eragin.
Sutea piztu eta ordubetera, itzalita zuten sua, baina etxebizitza erabat suntsituta geratu da.
Eraikineko gainerako bizilagunak etxetik atera dituzte, badaezpada ere, baina dagoeneko etxera itzuli dira.
Udalak osoko bilkura egingo du 13:00ean eta bi eguneko dolua ezarriko du.