Gizartea -
Polizia operazioa
Urrezko lingote faltsuak saltzen zituen talde bat desegin dute
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu Gipuzkoan, eta beste bat inputatu du.
Erredakzioa
Ertzaintzak ustez urrezko lingote faltsuak saltzen zituen sare bat desegin du azken egunetan Gipuzkoan, hiru pertsona atxilotuta.
Taldeko ustezko buruak (70 urtekoa) ondo ezagutzen zuen bitxien sektorea, eta tailer klandestino bat zuen etxean, Hernanin.
Hain zuzen ere, 100 gramoko lingoteak ekoizten zituzten. Gehienbat tungstenokoak ziren, eta urrezko geruza bat baino ez zuten. Dena dela, urrezkoak balira bezala saltzen zituzten, 2.000-3.000 eurotan saltzen zituzten.
Ertzaintzak hainbat salaketa jaso zituen azken egunetan, Donostiako eta Irungo hainbat establezimendutan urre faltsua saltzen ari zirelakoan.
Informazioa euren datu basean alderatuta, iazko amaieran Bizkaian ere antzeko delituak gertatu zirela egiaztatu zuten ertzainek. Getxon, adibidez, hiru lingote faltsu salerosi zituzten, 9.000 euroren truke. Araban ere antzekoak gertatu diren susmoak zituzten.
Asteartean, urrea salerosten lan egiten duen pertsona batek Ertzaintzara deitu zuen, lingote faltsu bat saldu nahi izan ziotela salatzeko. Horri esker, Poliziak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen.
Ondoren, ertzainek taldeko ustezko burua atxilotu zuten, Hernanin, eta etxeko tailerra atzeman zioten.
Taldeko ustezko hirugarren kidea, 36 urteko gizon, asteazkenean atxilotu zuten, Lasarte-Orian, lingote faltsu bat saldu berri zuela. Egun berean, beste gizonezko bat inputatu zuten, akusazio berdina egotzita. Atxilotutakoak epailearen esku utzi zituzten atzo.