Gizartea -
Erasoa
Gizonezko bat atxilotu dute Barakaldon, indarkeria matxista egotzita
Dirudienez, 49 urteko gizonak sukaldeko labana batez eraso zion bikotekide ohiari, zauriak egin zizkion hanka batean eta esku batean, eta aurpegian eta lepoan kolpatu zuen.
Erredakzioa
Ertzaintzak 49 urteko gizonezko bat atxilotu du Barakaldon, emakumeen kontrako indarkeria egotzita. Dirudienez, bikotekide ohiari sukaldeko labana batez eraso zion, zauriak egin zizkion hanka batean eta esku batean, eta aurpegian eta lepoan kolpatu zuen. Erasoa jasan zuen emakumea osptialera eraman behar izan zuten, zauriak sendatzera.
Asteartean, gaueko bederatziak bost gutxitan, emakumezko bat Barakaldon erasoa jasaten ari zela jakinarazi zioten Ertzaintzari telefono-dei baten bidez.
Patruila bat erasoa gertatu omen zen tokira heldu zenean, agenteek anbulantzia bat bertaratzeko eskatu zuten, emakumeak zauriak zituela ikusi ondoren.
Ustezko erasotzailea, 49 urteko gizonezko bat, emakumearen bikotekide ohia izan omen zen, eta telefono-kabina batean atxilotu zuten, Ertzaintzari gertatutakoaren berri emateko deitzen ari zenean. Inongo zauririk ez zuela baieztatu ostean, ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko izapideak betetzera.