Gizartea -
2013-2020 Osasun plana
Osasuneko aurrekontua ez murriztea eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Planaren helburuak azaldu ditu Darponek eta oposizioko talde guztiak ados agertu dira, baina egitasmoa garatzeko partida konkretuak eskatu dituzte. Oposizioak ez dio planari kritika orokorrik egin.
Erredakzioa
Osasun Saileko aurrekontua "inola ere ez" murriztea eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Era berean, "osasun zerbitzuetan murrizketarik" ez egitea eskatu dio 2013-2020 Osasun Plana "arrakastarekin" garatzeko.
Saio monografikoa egin dute gaur Eusko Legebiltzarrean eta onartutako ebazpenetariko bat hori izan da. Gizarte eta genero desberdintasunak zazpi urtetan murriztu nahi ditu osasun egitasmoak. Horretarako kolektibo kaltetuenen egoera hobetzeko ekintzak aurreikusten ditu.
Planaren helburuak goizean azaldu ditu Jon Darpon Osasun sailburuak eta oposizioko talde guztiak ados agertu dira, baina egitasmoa garatzeko partida konkretuak eskatu dituzte. Horrela, oposizioak ez dio planari kritika orokorrik egin.
Exekutiboari Osasun Sailaren aurrekontuak ez murriztea eskatu dion ekimena EAJk ez du babestu. Jeltzaleek ebazpenaren aurkako botoa eman dute. Kontrako botoa eman duen talde bakarra izan da.
Era berean, egitasmoaren helburuak lortzeko partida ekonomikoak ezartzearen aurka azaldu dira jeltzaleak.
Aho batez
Hala ere, "osasun sistema publiko unibertsala indartzeko finantza euskarria" plana indarrean dagoen bitartean mantentzea aho batez eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari.
Talde politikoek 117 ebazpen aurkeztu dituzte, horietako 75 aurrera atera dira.
Gaur onartutako ebazpenak ez dira lotesleak, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du Osasun Planeko testuan sartu ala ez.