Gizartea -
Ekonomia Foroa
Bilboko istiluengatik atxilotutako azken 3 pertsonak aske utzi dituzte
19 eta 20 urteko gazteak aske geratu dira epailearen aurrean deklaratu ostean. Bilbon atxilotutako adingabea gurasoen zaintzapean geratu da.
Erredakzioa
Ertzaintzak ostegunean atxilotutako hiru gazteak aske utzi dituzte gaur. Bilbon, martxoaren 3an, izandako istiluetan ustez parte hartzeagatik atxilotu zituzten. Ekonomia foroaren aurkako protestak liskarrekin amaitu ziren.
19 eta 20 urteko gazteak aske geratu dira Bilboko eta Gasteizko epaileen aurrean deklaratu ostean, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez. Inputatu ote dituzten ez dute argitu.
Bestalde, Bilbon atxilotutako adingabea gurasoen zaintzapean geratu da, Bizkaiko hiriburuko adin txikikoen epaitegian deklaratzeko zain, iturriek erantsi dutenez.
Hiru atxilotu horiekin 13 dira dagoeneko. Bestalde, Bilboko tabernek, merkatariek eta bankuek aseguru-etxeei 325.000 euro eskatu dizkiete istiluetan eragindako kalteak ordaintzeko.