Gizartea -
Fiskalaren eskaera
5 urteko zigorra gasteiztar bati, haur pornografia zabaltzeagatik
Ustez, haur pornografiarekin lotutako 56 artxibo zabaldu zituen akusatuak. Epaiketa aste honetan egingo dute.
Erredakzioa
Arabako Fiskaltza Probintzialak bost urteko espetxe zigorra eskatu du, ustez, internet bidez haur biluzien argazkiak zabaltzen zituen gasteiztar batentzat.
Fiskaltzaren akusazioak dioenez, 38 urteko gasteiztarrak ume-pornografiarekin lotutako hainbat artxibo zituen ordenagailuan, eta horietako asko interneten eskegi zituen.
2010eko azaroa eta 2011ko urtarrila bitartean, polizia ikerketa bati esker, pornografia zabaldu zuten hainbat ordenagailuren IP helbideak lortu zituzten; tartean, arabar horrenak. Denbora tarte horretan, guztira, 56 artxibo zabaldu zituen.
Fiskalak bost urteko kartzela zigorra eskatu du, material pornografikoa zabaltzeagatik. Horrez gainera, behin zigorra beteta, bost urtez zaintzapeko askatasunean egotea eskatu du.
Epaiketa aste honetan egingo da, Gasteizen.