Gizartea -
Gertaera
Iñaki Garciaren gorpua aurkitu dute Urumea ibaian
Hilotza 12:40 aldera aurkitu du Donostia parean zerbitzutik kanpo zegoen ertzain batek.
Erredakzioa
Eguerdian Urumea ibaian aurkitu duten gorpua Iñaki Garcia gaztearena dela baieztatu du Ertzaintzak. Duela bi aste desagertu zen gaztea, martxoaren 23an Astigarragan, lagun talde batekin sagardotegian afaltzen egon ostean.
Iturri ofizialek jakitera eman dutenez, Urumean aurkitu duten hilotzaren dokumentazioa bat dator desagertutako gaztearekin datuekin.
Esan bezala, gorpua 12:40 aldera aurkitu dute uretan. Piraguan zebilen ertzain batek ikusi du hilotza, eta abisu eman dio Ertzaintzari. Handik gutxira suhiltzaileak heldu dira, eta 13:30ean atera dute uretatik.
Datozen orduetan autopsia egingo diote Donostiako Auzitegiko Patologia Zerbitzuan.
Alexander Urbieta Iñaki Garciaren lagunetako batek EFE albiste agentziari adierazi dio ez dakitela lagunari zer gertatu zitzaion, baina eroriko bat izan zuela uste dute. Bilaketa taldeek gorpua agertu den inguru hori arakatu zuten, baina ez zuten ezer topatu: "sakonera handia dago eta bertan pilatutako adarrek gorpua ikustea eragotzi zezaketen".
Gertatutakoaren kontaketa
Alexander Urbieta desagertutako gaztearen lagun batek azaldu zuenez, martxoaren 22 gauean lagun batzuekin Astigarragako sagardotegi batera joan zen Iñaki Garcia. Handik, "nahiko mozkor" eta "afaldu gabe" bakarrik alde egin omen zuen sagardotegitik.
Urbietak gaineratu duenez, Iñaki herrira iritsi, neska bati deitu eta harekin egon zen 00:30akarte. Ordu horretan, lagunak taxien geltokira lagunduko ziola esan zion, "oso mozkor zegoelako".
Iñakik eskaintzari uko egin zion "haserre", eta Donostiako Martutene auzorantz abiatu zen, oinez. Han, "nahiko mozkor eta erortzen ari zela" ikusita, sagardotegitik irten berri zegoen talde batek autobus-geltokira lagundu zion, senideek herritarren laguntzari esker jakin ahal izan dutenez.
Talde horrek autobusa hartu zuen igande goizaldean ordu bata aldera, baina Iñaki geltokian geratu zen. Bertan ikusi zuten azkenekoz.
Iñakiren lagunek mugikorrera deitu zioten gero igandean, baina alarmak ez ziren piztu astelehenean lanpostura joan ez zen arte, eta orduan jarri zuen salaketa familiak Ertzaintzan.