Gizartea -

Neguko bideragarritasun plana

2013an baino trafiko arazo gutxiago sortu ditu aurten elurrak

Azaroa eta martxoa artean 15 aldiz aktibatu da plana, baina elurragatik bidean sortutako arazoak txikiagoak izan dira.

Kamioiak errepidea garbitzen. Argazkia EFE.
Kamioiak errepidea garbitzen. Argazkia EFE.
Kamioiak errepidea garbitzen. Argazkia EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Neguko Bideragarritasun Plana azaro eta martxo bitartean jarraipen fasean zortzi bider eta fase operatiboan zazpi bider aktibatu dute Euskadin, nahiz eta bidean aurreko urtean baino arazo gutxiago suertatu, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Jarraipen fasean aktibatu den zortzi alditan elur maila 1.000 metro azpitik iragarri dutenean izan da, eta fase operatiboan aktibatu den zazpi alditan, aldiz, elur maila hori 700 metrora edo beherago izan denean. 2013. urtean bederatzi gertaera izan ziren.

Nahiz eta Bideragarritasun Plana askotan aktibatu, elurrak ez du trafiko arazo garrantzitsurik sortu; izan ere, prezipitazioak oso urriak izan dira aldi laburretan, eta gutxitan 500 metrotik behera.

Garbiñe Saez Molinuevo Trafikoko zuzendariak jakitera eman duenez, eguraldi txarra kostaldean igarri da gehiago, olatu eta haize gogorrak direla medio, baina elurrak errepideetan eragin ohi dituen arazoei dagokienez, negu lasaia izan dela gaineratu du.

Elurraren lehen gertaera azaroaren 15ean eta 16an izan zen, elur maila 600 metroan izan baitzen. Egun horietan, lehen kategoriako ibilgailuek kateak (edo neguko gurpilak) erabili behar izan zituzten Herrera, Opakua eta Bernedoko mendateetan; Etxegarate batzuetan itxi egin behar izan zuten, bildutako elurra batzeko.

Azaroaren 19an plana aktibatu zuten berriro, azaroaren 23ra arte, eta azaroaren 20an alerta horia aktibatu zuten kostaldean, elurragatik eta olatu erraldoien arriskuagatik, eta alerta laranja Bizkaian eta Gipuzkoan, euriteengatik.

Trafiko zuzendariaren arabera, egun horretan Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatu zuten, eta, hori dela eta, prebentzio neurriak hartu zituzten eta arrisku egoerak minimizatzea ahalbidetu zen.

Urtea bukatu baino lehen, elurte bi izan ziren: abenduaren 25etik 26ra arrte, bata, eta abenduaren 28tik 29ra arte, bigarrena. Elur maila 700 metrotik gora egon zen, urtarrilaren 4an eta 5ean bezalaxe.

Urtarrilaren 20an (Plana bezperatik zegoen indarrean), txingorrada gogor baten ondorioz, Mungiako BI-631 errepidean zortzi kotxeren arteko talka egon zen, eta bi pertsona zauritu ziren.

Urtarrilaren 30ean, eta toki berean, beste harri-erauntsi gogor batek bost kotxeren arteko talka eragin zuen; hiru pertsona zauritu ziren. Zirkulatzeko arazorik handienak egun horretan Araban izan ziren, AP-68 autobidean, elurte gogorragatik, Ziorraga eta Altubeko ordainlekuaren artean, eta N-622 errepidean, Altube eta Gasteiz artean.

Otsailaren 2an Euskadiko Babes Zibileko Plana aktibatu zuten berriro, olatuengatik, N-634 errepidean, Zarautz eta Getaria artean. Olatu handiak zirela eta, bidea zarratu behar izan zuten kostaldeko errepidean. Neguko Bideragarritasun Plana bost bider aktibatu zuten otsailean, baina ez zen aparteko gertaerarik izan, eta Babes Zibileko Plana jarri zuten martxan berriro kostaldean, olatu erraldoiak zirela eta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea