Gizartea -

Heriotzaren korridorea Florida

Ibarren defentsak epaiketa errepikatzea eskatuko du gaur

Heriotza-zigorra ezarri zioten epaiketan Ibarrek ez zuela defentsa "eraginkorrik" izan salatu dute. Auzitegiaren erabakia 6 hilabete edo urtebete barru iritsiko da.

Pablo Ibar. Argazkia: EiTB
Pablo Ibar.
Pablo Ibar. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, apirilak 8, Euskal Herrian 15:00ak direnean, Pablo Ibarren apelazioko ahozko saioa egingo dute Floridako Auzitegi Gorenean, Tallahasseen. Heriotzaren korridorean dagoen euskal jatorriko herritarraren aldeko elkarteak gogora ekarri duenez, 2012ko otsailaren 13an Broward konderriko Auzitegiak ukatu egin zuen beste epaiketa bat egitea. Defentsak salatu zuen Ibarren eskubide konstituzionalak ez zirela errespetatu, defentsa eraginkorrik izan ez zuelakoan.

Gaurko epaiketan, defentsak salatuko du Broward konderriko Auzitegiak "hanka sartu" zuela beste epaiketa bat egiteko eskaria errefusatuta, Ibarrek heriotza-zigorra jaso zuen epaiketan defentsa eraginkorrik ez zuela izan iritzita. Horren harira, Ibarren ofizioko abokatuak ez zuela horrelako kasu baterako nahikoa prestakuntzarik azalduko dute.

Ibarren defentsaren arabera, sei hilabete edo urtebete barru iritsiko da Auzitegiaren erantzuna.

Pablo Ibarrek 42 urte ditu. 1994tik dago kartzelan, eta 2000tik heriotzaren korridorean. Gaurko auzi saioan ez da bertan izango.

Gertakaria

1994ko urtarrilaren 27an, Casimir Sucharski enpresariaren eta Sharon Anderson eta Marie Rogers modeloen gorpuak aurkitu zituzten tirokatuta.

Segurtasun kamera batek grabatu zuen dena, eta bertan agertzen ziren lagunetako bat Ibar zela ondorioztatu zuten. Baina irudi horien bereizmena oso txarra da, eta bideoak kontraste handia du. Hori dela eta, aditu askok zalantzan jarri dute froga horren erabilgarritasuna.

Ez dago froga fisikorik Ibar zigortzeko, eta DNA arrastoek ere negatibo eman zuten, bai Ibarren kasuan, bai Seth Peñalver susmagarriaren kasuan ere. Azken hori absolbitu egin zuten, prozesuan zehar eta frogen zaintzan irregulartasunak izan zirelako. Ibarren defentsak horren kasuan ere irregulartasun berberak izan zirela argudiatu du orain.

Prozesu luzea

Elkarteak gogora ekarri duenez, bi akusatuen kontrako lehenengo epaiketa 1997ko maiatzaren 5ean izan zen, Floridan, baina bertan behera utzi zuten 1998ko urtarrilaren 25ean, epaimahaia ez baitzen ados jarri ebazpenarekin.

1999ko urtarrilaren 11n hasi zen bigarren epaiketa. Epaimahaia aukeratzeko prozesuan, Kayo Morgan, Pablo Ibarren ofizioko abokatua, atxilotu egin zuten emaztea jotzeagatik. Pablo Ibarrek mozioa aurkeztu zuen abokatua aldatzeko, baina Auzitegiak atzera bota zuen. Epaiketa atzeratzeko mozioa ere aurkeztu zuten, eta hori bai onartu zioten.

Pablo Ibarren hirugarren epaiketa 2000ko apirilaren 17an hasi zen, eta epaimahaiak errudun jo zuen ekainaren 14an. Urte horretan bertan ezarri zioten heriotza-zigorra.

Garai hartan, Peter Raben abokatuak Joaquin Jose Martinez espainiarra Floridako heriotzaren korridoretik ateratzea lortu zuen. Hori ikusita, Ibarren familiak abokatu hori kontratatu zuen.

Prozesu judizialean, herritar estatubatuar batek Pablo Ibarren kasuaren berri izan zuen telebistako saio batean, eta saio horretara joan zen geroago Ibarri leporatzen zizkioten hilketak William Ortizek egin zituela esatera. Hala ere, DNA probak negatibo eman zuen. Ortiz heriotzaren korridorean dago, beste hilketa batzuk egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak