Gizartea -

Ezbeharra

Q sukarraren epidemia-agerraldia detektatu dute Bizkaian

Bilboko zaborren Tratamendu Mekaniko Biologikoaren fabrikako langile talde batek eta Berriatuko bizilagun batzuek agerraldi honen eragina jasan dute.

Bilboko zaborren Tratamendu Mekaniko Biologikoaren fabrika. Argazkia: EITB
Bilboko zaborren Tratamendu Mekaniko Biologikoaren fabrika
Q sukarraren agerraldia, Bizkaian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko zaborren Tratamendu Mekaniko Biologikoaren fabrikako (Arraiz mendia) langile talde batek eta Berriatuko (Bizkaia) bizilagun batzuek Q sukarraren epidemia-agerraldiaren eragina jasan dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, zaborren tratamendurako fabrikan agertu den infekzioa ardi eta ahuntzen hondakinek eragin dute. Antza, hondakin horiek sisteman sartu dira.

Lantegi horretako 8 langile kutsatu dira, eta zehazteko falta diren beste 25 kasu daudela azaldu dute.

Aldunditik adierazi dutenez, bigarren infekzio foku bat detektatu dute, Berriatuan. Hamabi bat kasu atzeman dituzte bertan.

Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia "era koordinatuan lan egiten ari dira" epidemia-agerraldi hau kontrolatzeko.

Coxiella burnetii bakterioak eragiten du Q sukarra, ardi, ahuntz, behi, katu, txori, arratoi eta saguak izan daitezke bakterio patogenoaren eramaileak, eta, horiekin harremanetan jarriz gero, gizakia ere kutsatu daiteke. Gaixotasunak ondorengo sintomak eragiten ditu: eztul lehorra, sukarra, buruko mina eta giharretako mina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian?