Gizartea -

Sanferminetako kartela

Iruindarrek aukeratuko dute San Fermin jaiak iragartzeko kartela

Iruindarrek aukeratuko dute sanferminetako kartel berria. Kartela aukeratzeko epea apirilaren 28an amaituko da. Kartelaren irabazleak 3.600 euro irabaziko ditu.

Edizio honetako kartel finalistetako bat. Argazkia: EITB
Edizio honetako kartel finalistetako bat. Argazkia: EITB
Edizio honetako kartel finalistetako bat. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sanferminetan hain bereizgarriak diren zezenak edota San Fermin, estilo eta teknika desberdinak baliatuz, eta gorria, zuria eta beltza nagusi dituzten zortzi kartel hautatu eta ikusgai jarri dituzte jada. Iruindarrek horietako bat aukeratu beharko dute 2014ko sanferminak iragartzeko.

"7+7=14", "SAN", "Sanferminetako erregea", "Talde ederra", "Zapia eta adarra", "Utzi harrapatzen", "Zorrotz" eta "Maitasun handiz" dira zortzi lanon izenak. Orotara, 546 artelan aurkeztu dira, aurreko urtean baino 95 gehiago.

Zazpi urtez jarraian, Iruñean erroldatuta daudenak izango dira euren hiriko jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko arduradunak, eta apirilaren 28ra arte izango dute botoa emateko aukera. Hiru modutara egin ahalko dute: Iruñeko Udalaren webearen bidez, 010 telefonora deituta edo Iruñeko Civivox aretoetara joanda.

Prentsaurrekoa deitu dute epaimahaiaren erabakiaren berri emateko. Bertan, Fermin Alonso Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi delegatuak nabarmendu duenez, aurten aurkeztu dituzten lanek "maila oso ona" dute. Ives Ugalde Baionako alkateordeak iritzi bera agertu du, eta lan horien "maila eta aniztasun artistikoa" ikusita, "harrituta" agertu da.

Horiekin batera, Javier Muro, Mikel Cabrerizo, eta Elixabete Bordonoba (2013ko lehiaketako irabazlea) artistak azaldu dira prentsaren aurrean, eta hautatutako artelan horiek aztertu dituzte.

Aditu horien esanetan, "7+7=14" artelana San Fermin egunarekin jolasten da, lan "oso zuzena" da, eta euskarriaren gainean margotu dute. Horrek "gatz" apur bat ematen dio, eta festara gerturatzen du; izan ere, "ez da itxia, naturala eta zeinu bidezkoa baizik".

"SAN" lanean, kartel osoa hartzen duen hitzaren presentzia "oso indartsua" da, lan "oso fina" da, eta koloreak bikain nahasita ditu, zezen-plazako harea izan daitekeen horia, zezenen beltza eta jantzien gorria baititu. Egileak nahita bilatu duen ez badakite ere, "A" iraulita jokoa ikusi dute bertan epaimahaikideek, "san" irakurtzeaz gain ingelesezko "sun" (eguzkia) ere irakur baitaiteke.

"Sanferminetako erregea" artelanean, karta baten ikonografian, irudiaren tratamendua, xehetasunak, "jolaserako eta umorerako" gogoa, eta jaietako mito batzuen filigranen bidez festari egindako keinuak nabarmendu dituzte.

"Talde ederra" lanak sanferminetako osagai nagusiak erakusten ditu santuaren irudiaren gainean, "iruindar guztiek gogoan dituztenak", eta umorea erabiliz egiten du, Juan José Padilla toreroaren irudia zezenaren eta Hemingwayren ondoan jarrita. Beste lanek ez bezala, honek ez ditu ohiko koloreak.

"Zapia eta adarra" diseinuzko lan "ia purua" da, lan "sinplea" eta "dotorea". Bertan, egileak, tipografiarekin jolastuz, pieza bi sartu ditu: gorriak gerrikoa gogorarazten du eta beltzak, berriz, zezenaren adarrak.

"Utzi harrapatzen" mihisean egindako pintura bat da, "arin eta oso zuzen" egindakoa. Sei zezenak taldeka korrika sumatu daitezke bertan, atzealde gorri baten gainean.

"Zorrotz" argazkia erabiltzen duen kartel bakarra da. Bizarra mozteko bi labana erakusten ditu, zezenaren adarrak bailiran, arriskua irudikatuz. Irudi "oso poetikoa" da, epaimahaiko kideen ustez, "objektu batek objektu hori bera eta, aldi berean, beste bat" ekartzen baitigu gogora.

"Maitasun handiz", berriz, "orban indartsua" da, horien irudiko, zezen baten irudi horrek "grabatu baten indarra" baitu, eta inguruan dituen orbanek dardarka jartzen dutela ematen baitu.

Kartel hautatu horietako batek 3.600 euroko saria irabaziko du. Aurten lehiaketara aurkeztu dituzten lan guztien artean, 106 aukeratu dituzte Rodezno Kondea erakusketa aretoan jartzeko. Ekainaren 20tik uztailaren 20ra izango dira ikusgai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea