Gizartea -

Peñascal auzoa

Bi gizon ospitalera, auzokoen arteko ika-mika baten ostean, Bilbon

58 eta 35 urteko bi auzokok elkarri eraso diote, batek makila bat erabilita, eta besteak, arma zuriz. Biak atxilotu ditu Ertzaintzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peñascal auzoan (Bilbo) bi gizonezko ospitalera eraman behar izan dituzte, eztabaida bat izan eta elkar zauritu ostean. Auzokoek elkarri eraso diote: batek, makila batekin, eta besteak, arma zuri batekin.

Segurtasun Sailak zabaldu duenez , 58 eta 35 urteko bi gizonezkoak atxilotu ditu Ertzaintzak, elkarri erasotzeagatik. Atxilotuek ospitalean jarraitzen dute.

Erasoa bart 22:00ak aldera gertatu zen Peñascal auzoan. Ertzaintzak zenbait dei jaso zituen bi pertsona elkarri joka ari zirela esanez.

Ertzaintzaren polizia-autoak bertaratu zirenean, gizon bat lurrean etzanda topatu zuten, burutik odola zeriola. Handik metro gutxira, beste gizon bat aurkitu zuten, bularrean arma zuriz egindako zauri bat zuela. Ertzaintzak biak atxilotu zituen.

Anbulantziek Basurtuko Ospitalera eraman zituzten, eta han jarraitzen dute zauriak sendatzen, baina atxilotuta.

Zenbait lekukoren arabera, zarata kontuak eragin zuten bi gizonezkoen arteko liskarra eta elkarri eraso egitea. Antza denez, 58 urteko gizonezkoak labanaz 35 urteko mutila sastatu zuen, eta honek eskuan zeukan makilarekin buruan kolpatu zuen bestea, lurrean utzi arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea