Gizartea -
Granadako Fiskaltzak
Artxibatu egin dute 'Casate y se Sumisa' liburuaren inguruko ikerketa
Granadako artzapezpikutegiak argitaratutako liburuan ez duela emakumeen aurkako “deliturik” atzeman adierazi du Fiskaltzak.
Erredakzioa
Granadako Fiskaltzak artxibatu egin du ‘Casate y se Sumisa’ (Nuevo inicio) liburuaren inguruko ikerketa. Granadako artzapezpikutegiak argitaratutako liburuan ez duela emakumeen aurkako “deliturik” atzeman adierazi du Fiskaltzak.
Fiskaltza horretako Emakumearen kontrako Indarkeria sailak ikerketa abian jartzea erabaki zuen, Granadako Emakumearen Batzordeak liburu horren aurkako eskaera jaso ondoren. Argitaratu zen unetik bertatik, liburuak eztabaida handia piztu zuen eta hainbat elkartek argitalpen horren aurka egin zuten. Adibide moduan, Anonymous taldeak Francisco Javier Martinez Granadako artzapezpikuaren web orria hackeatu egin zuen.
Horrez gain, hainbat gizarte eragilek liburua gogor kritikatu zuten eta alderdi politiko guztiek. tartean PP, ikerketa abian jartzeko eskatu zioten Fiskaltzari.
Izan ere, Ana Mato Osasun eta Berdintasun ministroak liburua dendetatik kentzeko eskatu zuen, baina Granadako artzapezpikutegiak ukatu egin du liburuaren edukiak emakumearen eskubideak urratzen zituenik eta ez du merkatutik kentzeko arrazoirik atzeman.
Constanza Miriano kazetari italiarrak idatzitako liburua azken hilabeteetako salduenetarikoa izan da Amazon web orrian. Dagoeneko bigarren zatia argitaratu dute, ‘Casate y da la vida por ella’, gizonei zuzendutako bertsioa, alegia.