Gizartea -
Langileen eguna
Maiatzaren 1ean 'kapitalaren diktadura' salatuko du LABek
Etxaidek esan du "gezurra" dela Euskadin hazkunde ekonomikoa dagoela, "prekarietatea eta pobrezia" nagusi direlako.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak iragarri du maiatzaren 1ean sindikatuak langileen erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dutela, "kapitalaren diktaduraren" aurrean. Euskadin eta Nafarroan 28 ekitaldi egingo dituztela eta Ernaik ere parte hartuko duela. Bere ustez, "gezurra" da Euskadin hazkunde ekonomikoa dagoela, lana "deusezten" ari direla gaur egungo ereduarekin eta "prekarietatea eta pobrezia" nagusi direla.
LABk prentsaurrekoa eskaini du Donostian eta Etxaide Igor Arroyo, Garbiñe Aranburu eta Gorka Berasategi sindikatuko bozeramaileekin izan da. Maiatzaren 1eko mobilizazioen berri eman dute: garrantzitsuena Bilbon izango da, 12:00etan, 'Langileak erabaki. Euskal Herriak erabaki dezan' lemapean.
"Langileek krisialdiaren irtenbidearen inguruan erabakitzea nahi dugu", azaldu du Etxaidek. Hau da, erabakitzeko eskubidea "eredu ekonomiko eta soziala aukeratzeko gailu gisa".
LABeko idazkari nagusiak krisialdi ekonomikoaren "iruzurra" salatu du eta "erantzule ekonomiko eta politiko zuzenak" dituela. "Ez dago erantzulerik eta esfortzu eta kostu guztiak langileengan eta benetako ekonomiarengan" jausi dira, bere ustez.
Gainera, egoera honetan egiturazko neurriak hartu dituzte eta horrek "kapitalismo bortitzena" sustatu omen du.
Maiatzaren 1ean, bakarka
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak iragarri du bakarka joango direla Maiatzaren 1ean, baina argi utzi nahi izan du horrek ez duela suposatzen ELArekin "lanean" ari ez direla. "Batasun sindikala" ere mintzagai izango dutela azaldu du.