Gizartea -
ASTE SANTUKO OPERAZIOA
35 lagun hil dira Aste Santuan errepideetan
Ostiraleko 23:00etatik astelehen arratsaldera arte 35 lagun hil dira Espainian, iaz baino bederatzi gehiago.
Erredakzioa
Gauerdian emango du amaitutzat Espainiako Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Aste Santuko oporretako operazio berezia. Aurten, iazko Aste Santuan baino pertsona gehiago hil dira errepideetan: 35 orotara.
Ostiraleko 23:00etatik asteleheneko 20:00ak arte, 35 lagun hil dira 28 zirkulazio-istriputan. Iazko Aste Santuan baino bederatzi lagun gehiago hil dira aurtean.
Gauerdian emango du Trafiko Zuzendaritzak amaitutzat Aste Santuko operazio berezia, Hego Euskal Herrian, Gaztela-Mantxan, Katalunian, Valentzian eta Errioxan jaieguna baita gaur ere.
Aste Santu honetan Pegasus deritzon radarra jarri du martxan Trafikok, eta datozen asteotan beste lau jarriko dituzte. Helikopteroetan jarri duten radar berezi honek autoen matrikulak irakur ditzake kilometro batera, eta orduko 360 kilometro arteko abiadura atzeman dezake.